hurrengoa
gerrikoa eta labea    Antzoki bat. Edozein antzoki. Eserlekuak huts.
Eskenatokian, mahai baten inguruan eserita,
David Foster Wallace eta Sylvia Plath.

D.F. Wallace- Barkatu hain zuzen esatea, baina
oso usain gozoa duzu Plath anderea.

Sylvia Plath- (D.F.Wallacen zigarro paketeari
begira) Emango al didazu bat?

DFW- Jakina.

Sylviak zigarroa ezpainetara eramaten du, eta
Davidek, besoa luzatuz eta txiskeroari eraginez,
sua ematen dio.

SP- Eta gustatzen zaizu?

DFW- Gustatu zer?

SP- Usaina.

DFW- Asko. Ez nuke sekula halako aitzakia
merkerik erabiliko inorekin hizketan hasteko.

SP- Zertarako bildu gaituzten azaldu dizute zuri
ere, ezta?

DFW- Bai. Eta, egia esan, ez dut gogo handidrik...
Eta gustu txarrekoa iruditzen zait zu eta ni aukeratu izana.

SP- Niri igual zait.

DFW- Jakina, zuk, gure klubeko gehienok ez bezala, modu originalean egin zenulako.

SP- Gehiegi pentsatu gabe egin nuen. Ez dut
meritu handirik.

DFW- Uhmmm... Sagar-tarta usain ederra dario
zure ileari!

SP- Eskerrik asko.

DFW- Has gaitezen lehen baino lehen. Behin hasiz gero, badakit eta, nik behintzat, orrialdearen
behealdean notatxoak idazten hasiko naizela eta
ergelkeria hau amaigabea izan daiteke.

SP- Luzea da zerrenda. Inporta zaizu zuri idazten
hastea? Nahiko nuke zigarreta hau behintzat lasai erre.

DFW- Arazorik ez. Izenbururik pentsatu al duzu?

SP- Ez. Ez diogu izenbururik jarriko. Idatzi
zuzenean: Idazle suiziden zerrenda.

DFW- Horrek oso kategorikoa dirudi.

SP- Zehaztasun zale horietakoa zaitugu, beraz.

DFW- Idazle suiziden zerrenda bat. Ados horrekin?

SP- Igual zait.

Idazle suiziden zerrenda bat

Virginia Woolf (59). Poltsikoak harriz beteta zituela Sussex-eko etxetik gertu dagoen Ouse ibaira barneratu zen. 1941eko martxoaren 28an.

Yukio Mishima (45). Japoniar zintzo ororen moduan,
seppuku erritualari jarraituz, sabela ireki eta erraiak atera zituen. Segidan, bere konfidantzazko gizon batek burua moztu zion ezpataz. 1970eko azaroaren 25ean.

John Kennedy Toole (31). Autoko ihes-hoditik auto
barrualdera hodia eraman, leihoak itxi, eta kotxea
martxan jarri zuen. 1969ko martxoaren 26an.

Ernest Hemingway (62). Idahoko Ketchum herrian
zuen etxean, kanoi biko eskopeta hartu eta tiro bota zion bere buruari. 1961eko uztailaren 2an.

Antonia Pozzi (36). Pilulak. 1938ko abenduaren 3a.
Familiak suizidioa ezkutatu zuen, eta haren poemak
manipulatu zituen.

Emilio Salgari (49). Turin ondoko baso batean barneratu zen, eta, bizarra egiteko laban batekin, sabela ireki zuen, 1911ko apirilaren 25ean.

Ane Sexton (56). 1974ko urriaren 4a. Westongo etxeko garajean kotxea martxan jarri zuen eta bertan ito zen.

Ángel Ganivet (33). Riga hiriko Dvina ibaia gurutzatzen zuen ontzian zihoala, uretara bota zuen bere burua Granadako idazleak, 1898ko azaroaren 29an.

Stefan Zweig eta Lotte Altman (61 eta 34). Brasilgo Petropolis hirian erbesteraturik zeudela, zakurra lagun bati utzi zioten, veronal, adalina edota morfina gaindosia hartu, eta ohean eman zioten amaiera bizitzari, elkarri besarkatuta. 1942ko otsailaren 7an.

Vladimir Maiakovski (36). Suizidio ohar ironiko bat idatzi ostean, bere buruari tiro egin zion Moskuko udaberri egun batean 1930eko apirilaren 14an.

Karoline Günderrode (26). Rin ibaiaren ertzean
labana sartu zuen bihotzean. Ibaian behera azaldu
zen haren gorpua, soineko gorri bat jantzita. 1806ko uztailaren 26an.

Periclís Yanópulos (36). Zaldi zuri baten gainean
itsasoratu zen, eta hark aurrera jarraitzeari uko egin zionean, tiro bat bota zion bere buruari. Ez zen Itacatik itzuliko. 1910eko apirilaren 10a.

Sergei Esenin (30). Leningradoko Angleterre hotelean urkatu zen. Hil aurretik, bere odolaz idatzi zituen azken poemak. 1925eko abenduaren 25a. Eguberri on.

SP- Beharrezkoa al da “eguberri on” idaztea?

DFW- Umore piska bat emakumea. Zerrenda honek
bilduma ornitologikoa dirudi eta.

SP- Eta zuk esaten duzu hori? Ez al duzu idazten
duzuna irakurtzen?

DFW- Segi ba orain zu zerrendarekin.

Jacques Rigaut (31). Paris. 1929ko azaroaren
5a. Suiziden Agentzia generala sortu zuen, eta,
pistola bihotzean jarrita, tiro egin zuen.

Florbela Espanca (36). Matozinhos. 1930eko
abenduaren 8a. Veronal gaindosia. ¨Hiltzea ez da
erraza, baina egin dezakedan gauzarik zuzenena
da¨ utzi zuen idatzita.

Vachel Lindsay (52). Lixiba botilari trago bat
eman zion 1931ko abenduaren 5ean.

Alfonsina Storni (46). Mar de Platako uretan
barneratu zen 1938ko urriaren 25ean.

Cesare Pavese (42). Somnifero gaindosia 1950eko
abuztuaren 27an.

DFW- Zu ere saiatu zinen horiekin labea erabili
aurretik, ezta?

SP- Bai. Eta, beste batean, pareta baten kontra jo
nuen autoa.

DFW- Lady Di etorri zait bat batean burura

SP- Beno, jarrai dezagun. Motz apuntatuko ditut.
Nekatu naiz.

Paul Celan (50). Sena ibaira bota zen, 1970eko
apiriliaren 30ean.

John Berryman (58). Misissippi ibaira salto egin
zuen, 1972ko urtarrilaren 7an.

Beppe Salvia (31). Erromako etxeko leihotik behera
bota zen, 1985eko martxoan.

Gabriel Ferrater (50). Pilula gaindosia eta plastikozko poltsa buruan jarrita, 1972ko apirilaren 27a.

Alejandra Pizarnik (36). Pilula gaindosia, Buenos
Airesen, 1972ko irailaren 25a.

Jon Mirande (47). Pilula gaindosia, 1972ko Eguberribezpera. Parisen.

DFW- Azken hirurak urte berean, eta hirurek pilulak erabili zituztela jabetu zara?

SP- Hasi naiz zerrenda honekin aspertzen. Amaigabea da, gainera.

DFW- Asko idatzi da zergatik suizidatu diren hainbeste idazle.

SP- Nik uste dut galdera beste bat dela: zergatik
erabakitzen dute suizidek idazle izatea?

DFW- Baina idazle batek heriotz literario batekin
amesten du beti.

SP- Hori idazle bati soilik otutzen zaion txorakeria besterik ez da.

DFW- Amaitu aurretik, beste bi

SP- Eta itxi dezagun behingoz oihala.

DFW- Zure sagar tartaren usain gozoa faltan botako dut.

David Foster Wallace (45). D.F. Wallacek gerrikoa
erabili zuen etxeko habetik bere burua urkatzeko.
2008ko irailaren 12a.

Sylvia Plath (31). Etxeko labean burua sartu, eta gasa ireki zuen. 1963ko otsailaren 11 zen.