• 1
  • 2
hurrengoa
zoologiko arkitekturak borja izagirre   Lehendabiziko zoologikoak nolakoak ziren ikusteko pelikulak baliatu ditzakegu. Jacques Tourneren “Pantera emakumea” filmean, adibidez, Simone Simonek katukien hiriko zoologikoko kaiolak maiz bisitatzen ditu. Hormigoizko hiru horma itsu eta burdin barrotez beteriko beste batek osatzen dituzten espazioak dira; animaliak, trofeo gisa eta ehizaturiko pizti gisa erakusteko.
Denborarekin zoologikoak, parke moduan, arkitektonikoki aldatzen joan dira, nahiz eta kontzeptualki oraindik kartzelen kutsua izan. Egungo zoologikoak eraikitzen dituzten arkitektoen helburua, edo eginbeharra, gizakiei animaliak euren jatorrizko ekosisteman nola bizi diren erakustea eta irakastea, da. Animalia mota ezberdin asko elkarrekin bizitzeko baldintza klimatologiko egokienak lortzen saiatzen dira. Horretarako mikroespazio ezberdinak sortzen dira, arkitektura baten bidez natura artifizial bat eraikiaz. Helburua ez da behin-betiko paisaia eraikitzea, naturarekin bat aldaketak jasan arren, mantendu behar diren baldintza eta estrategia espazialak finkatzean baizik. Zoologiko hauek, elementu arkitektonikoak, animaliak, landareak, koloreak, soinuak, eta usainak elkarrekin bat egingo duten mundu ezberdin eta bitxiak dira. Jendeak zinezkotasun gehiago eskatzen du eta horregatik naturarekiko errespetua lehen baino gehiago zaintzen saiatzen dira, geroz eta urbanizatuagoa dagoen gure mundu honetan. Animalien etxe-espetxe hauek, parke tematikoen antzera, isolaturik egon dira, naturaz inguraturik, beraien paisaia zehatza sortu eta hirietako zarata eta kutsaduratik aldentzeko. Egun batetik bestera aldatzen den gauza bakarra bertatik igarotzen den jendea da, erakustokiaren argia itzaltzean, animaliak altzari bakarti bihurtzen dira. Lehen piztiak soilik erakusgai zeuden kaiola erraldoi hauetan. Gaur berriz, animaliez gain, hauen bizilekua eraikitzen saiatzen dira; horrexegatik, natura erakustoki hauen ezinbesteko osagai bihurtu da. Zoologikoak, azken finean, gizakion aisialdi eta gozamenerako tokiak dira. Egia da bestalde, gutxienez desagertzeko arriskuan dauden animalia mota ezberdinen babesgune bihurtu direla. Baina honek izaera hori dutenak betirako kartzelaratu ditugula esan nahi du. Arrain-ontzi batean arkitektura ikus dezakegu, baita txori txiki baten kaiolan ere. Hauek, eskalaz aldatzen baditugu, zoologiko bihurtzen dira. Nahiz eta denborarekin funtzioa animalia bitxien erakusketa soila izatetik hauen ikerketa zientifikoa izatera pasa, kaiola handiak izaten jarraitzen dute zoologikoak. Animaliak, muga hautsiezinez inguratutako eremu finko batean bizitzera behartzen ditugu.