hurrengoa
hasiera-hasieratik    1895. urteko martxoaren 22an, Socété d'Encouragement à l'Industrie Nacional erakundeak Parisen antolatu zuen ekitaldian Lumière anaiek 3 egun lehenago filmatu zuten La sortie des ouvriers des usines Lumière à Lyon Monplaisir (Langileak Lyon Monplaisir-ko Lumiere fabrikatik ateratzen) filma aurkeztu zuten. Asko idatzi da 45 segundo eskas irauten duen film honetaz. Zergatik aukeratu zuten Lumière anaiek gai hori euren lehen filma egiteko? Kasualitatea? Sozialismoaren irudikapenaren bilaketa? Guk beste adar batetik heldu nahi diogu ordea. Cahiers du Cinema-ko zinefilo zimurtuenak ere aipatzen ez duen gertakizun batek deitu digulako atentzioa:
Historiako lehendabiziko pelikulan azaltzen da zinearen historiako lehen animalia. Gizon eta emakumez osatua dagoen langileria lantegiko atetik ateratzen hasten denean, bat batean, galtza eta soinekoen artean, zakur handi bat azaltzen da, alai, langileekin jolasteko gogoz. Langileetako batek laztandu egiten du zakurra eta hau saltoka hasten da. Lumiére anaiek langileak eta zakur bat filmatu zuten. Espainian filmatu zen lehena Eduardo Jimeno Peromartak egin zuen bere aitak Lumière anaiei erositako kamara batekin. 1896. urteko urriaren 11 izan zen filmaketa egiteko aukeratutako eguna eta anai frantsesen ideia kopiatzea erabaki zuen baina ingurune espainolago batean: Jendea Zaragozako Pilar elizako hamabietako mezatik ateratzen.