hurrengoa
hondartzetako piztiak    Hamabost urte daramatza Theo Jansen holandarrak Ypenburg herriko hondartzan duen bere etxe-tailerrean "bizi forma berri bat" asmatzen. Frankestein doktore garaikide honek, pizti organikoen belaunaldi ezberdinak sortu eta hondartzan askatu ditu. Urrutitik ikusita, intsektu erraldoi edo mamut itxura duten pizti hauek, ordenadore batetan diseinatzen dira, baina ez dute behar inongo teknologia aurreraturik gauzatuak izateko. Garai industrialeko materialekin eginak badaude ere (plastiko hodiak, zinta itsaskorra,... ) haizeari esker eta hondar hezearen gainean mugitzen dira euren kasa, bestelako energia iturriren beharrik gabe. Theo Jansen-ek sortzen duen pizti berri bakoitzak, aurrekoarekin ikasitakoa, gehi garapen teknika berriak izaten ditu bere baitan. Hibrido berriak sortu eta eboluzio Darwindarra oinarri, pizti hauek geroz eta abilagoak dira hondartza ingurunean eta euren superbibentzia gauzatzeko erabakiak hartzen dituzte. "Animaris Sabulosa" izenekoak adibidez, haize bortitzegia detektatzen duenean bere sudurra hondarretan sartzen du aingura baten moduan iltzatuta geratzeko. Theo Jansenen ametsa, egunen batean, bere piztiak euren kaxa garatzen jarraitu eta beste edozein izakiren moduan, naturaren zikloekin batera bizi ahal izatea da. Ametsak amets dira eta ez diogu jaramon gehiegirik egingo. Badakigu kalamua legala dela Holandan...

Urte mordoa eman ditu Theo Jansen-ek bere tailerraren anonimotasunean. Ingeniari, zientzialari eta artista honen lanari kostatu zaio errekonozimendua lortzea. Iraultza digitalaren garaietan, errobotika garatuaren aroan, itxura mekanikozko bere lanak Ypenburg herriko hondartzara gerturatzen zirenek soilik goza zitzaketen. Orain, aldaketa klimatikoa, garapen sostengatua eta zientzia ekologikoaren garaiaren atarian bere estrategia eta sorkuntzek miresmena sortu dute mundu osoan. Hainbestekoa izan da hondartzetako piztien arrakasta, kontraesan eder eta esanguratsu baten protagonista ere izan direla. Theo Jansen eta bere hondartzetako pizti autonomoak, BMW kotxeak (gure garaiko objektu ez autonomoena) iragartzeko erabili izan dira duela gutxi publizitate kanpaina esanguratsu batetan.