hurrengoa
jhon kennedy toole, destinu petrala luzia mikeliunas   Ate gehiegi irekitzen dituzunean, gizadiaren txoko guztietan zokomiran ibiltzen zarenean eta honek "teologia eta geometriaren" zentzurik ez duela jabetzen zarenean, "Ignatius Reilly" erditzeko gai zarenean eta honek New Orleans-ko dekadentzia sasi- dotorea mundua irudikatzeko tresna bihurtzen duenean, ergelek errealitatearen ikuspegi zimela paparrera oka egiten dizutenean, 1937. urtean jaio eta gerran zauritutako aita gor bat eta ama babesle eta mesfidati bat dituzunean, norberak egiten duen lanaren jenialtasunean sinisten denean baina beste inor jabetzen ez denean eta zortearen jainkosa gure aurka konjuratzen denean, gure kontura barre egin eta berau aldatzeko gure eginahal guztiak kareletik jausten direnean, idatzitako hizki guztiak hautsez bete eta EZ borobilak besterik jasotzen ez direnean, ideia zorrotz eta begirada propioa duten pertsonekin mundua anker azaltzen dela nonahi iragarria ikusten denean, hodi bat ¬®tuboeskapera¬® konektatu eta kotxeko leihatila hersteko arrazoiak daudenean...
Orduan, bizitzaren adabaki txikienean ezkutatzeko gogorik ere ez izatea gerta liteke, eta aterik irekitzeko ezta purgatorioaren bila korrika abiatzeko ere...
Eta inkognitak karbono monoxidoan flotatzen utzi... Bitartean, guk gelditu garenok, orriak pasa, irudi bihurtzen diren letretan murgildu, irri egin, kontraesanez betetako sentsazioak bizi, higuina eta miresmena sentituko ditugu. Guk, irakurle sinpleok, ez dugu juzkatuko suizidioa koldarkeria, errendizioa, protesta egiteko modu aktiboa edo besterik gabe arimaren nekeziaren emaitza ote den. Ez gara berekoiak izango eta ez dugu pentsatuko gehiago bizi izan balitz, mundu honetan eustea lortu izan bagenu, konjura gehiago irakurriko genituela. Ez diogu errurik botako bere inguruneari, ezta bere biografia desorekatuari ere. Ez badugu gure existentzia propioa ulertzen, nola saiatu gizadia ustelaren zati txiki batekin ito zen gizonarena ulertzen? Gizadia, Pessoaren hitzetan, sinisten zaila den ideia biologiko bat besterik ez da.
Eta bere buruaz beste egin izan ez balu? Galdera hau kafe tertulietarako utziko dugu, eskuartean maisu lan bat izanik bere heriotzaren iragarritako kronika bat idatzi eta hamarkada batez ergelek irabaz zezaten utzi zuen gizona ulertzen saiatu nahi dutenentzat. Irakurleok, berak utzitako letren artean topatuko dugu, akaso bere autobiografiaren zantzu bat izan zitekeela pentsatuaz, bere kotxeko atzeko eserlekutik, bizitzari irabazteko desioa erakusten zuela pentsatuaz.