audioa arkaitz villar
hurrengoa

The Go Team

Proof of youth·Memphis Industries/Sinnamon 2007

“Thunder, Lightning, Strike” lehen diskoan erakutsitako inozentzia puntu hori gainetik kendu gabe itzuli da Brightongo talde gaztea. Ohiko sampleren babesean: hip hop, funk, pop edo soul doinuak erabili dituzte lan berriko kantu bizi eta jostagarriak sortzeko. Bonde Do Roleko Marina edo Chuck D bezalakoen kolaborazioa izan dute. Doinu alai eta dantzagarriak dira honakoak, institutu garaiak oroitarazten dizkigutenak. Gaztetasuna trasmititzen duen diskoa.

hurrengoa

Humbert Humberts

Snake park·Subterfuge 2007

Komikia, punka eta alkimia elkarrekin jarri ditu Humbert Humbertek bere disko berria eraikitzeko. Hirugarren disko honetan ohiko punk doinuetan babestu dira eta kasu batzuetan saxoaren laguntza ere izan dute apaingarri moduan. Kantu biziak eta motzak dira, askotan Devo bezalakoak gogorarazten dizkigutelarik. Animaliak erabili dituzte hitzak idazterako orduan. Kantu ezberdin eta dinamikoak eskaintzen dituzte berriz ere, aurreko lanetako ildo berean jarraituz. Dantzarako doinuak baladekin konbinatzen lortzen duten dialektikak aberasten du diskoa, nahiz eta gure kasuan, dantzatzeko ari direnean gustokoago ditugun.

hurrengoa

Beirut

The Flying Club Cup·4AD -PopStock! 2007

Zach Condon gazteak sortutako proiektu honen lehen diskoan soinu balkanikoen eragina nabarmena zen. Munduko ateak ireki zizkion eta diskoa zuzenean aurkezteko bidai luze batean murgildu zen. Bidai horretan bildutako soinuek betetzen dituzte lan berri honetako kantuak, frantziar eragin nabarmena erakusten dutelarik batzuetan. Nostalgiaz betetako kantuak dira: konposaketa handiak. Ohiko musikariek lagunduta edozeini emozioa pizteko modukoa abestiak dira. Denbora bere alde jarri zuen Beirutek eta orain denboran zehar bidaiatuz eraikitzen ditu bere kantuak.

hurrengoa

Dj Solal

The Moonshine Sessions·Ya Basta records/Karonte 2007

Geldirik egoten ez dakien artista horietakoa da Philippe Cohen Solal. Lan berria sortzeko Nashville aldera jo zuen. Gotan Project taldeko buruetariko bat izateaz gain bakarlari moduan ekoizle eta dj ibilbide sendoa erakustsi du azken urteotan Solalek. Dj moduan erakutsitako azken emanaldietan garbi azaldu du country-rako tendentzia, baina hemen erakusten diguna hori baino gehiago da izan ere kantu borobilak sortu ditu: “The Academy of Trust” edo “Psycho Girls & Psicow Boys” besteak beste.

hurrengoa

Audience

Tying Wings On Roots·Noiz Pop 2007

Esperientzia handia irabazi du taldeak zuenean nahiz estudioan, 2003an “Second Handed” (Noiz Pop) diskoan erakutsi zuten bezala. Lau urte igaro ostean, disko berriarekin datoz. Erreferentzi musikal ugari bilatu baditzakegu ere bakarra aurkituko dugu: Audience. Asko landutako nortasuna lortu du taldeak eta hori lan berri honetan argi nabari daiteke. Blues edo countryaren sustraietara bidaiatuz urteko diskoa lortu dute gernikarrek.

hurrengoa

Mia

Kala·XL Recordings – PopStock! 2007

Diskoa entzuten hasi bezain laster bati energia trasmititzen dioten horietako da hau: indartsua. Hitzek eta erabiltzen dituen lurralde sonoro ezberdinek gidatzen duten lan honetan ez da su etenerako tarterik.Lehen hiru kantuak bata bestearen atzetik datozen eztandak dira. Festarako momentua dator gero: Jimmy. Hona iritsi orduko konturatzen da bat aurreko diskoan erakutsitakoa gainditu duela MIAk. Alboan Switch, Diplo edo Blaqstarr izan ditu kantuak ekoizterako orduan eta Timbalandekin abestuz amaitzen du diskoa.