• 1
  • 2
hurrengoa
ron mueck, hiperrealismoaren neurrigabekeria odlok   Arte mundu “ofizialera” eskulangintzatik iritsi zen Ron Mueck. Film eta telebista saioetarako panpinak egiten zituen bere jaioterria den Australian. Australiar ia orok gazteetan egiten duen moduan, euren irla-kontinentea utzi eta bidaiatzeari ekin zion. Eta oraindik ez da itzuli. Londresen tailertxo propioa sortu zuen, zinema eta publizitatean erabiltzen diren tramankulu, eta “animatronic” ezberdinak egiten hasi eta bere teknikaren zorroztasunari esker berehala lortu zuen arrakasta ikus-entzunezko industrian. Hala ere, berak sortzen zituen lanak kamararen ikuspuntuaren menpe sortzen zituen beti, eta horrek ez zuen Mueck guztiz asetzen. 1996. urtean bere sormena “osatzeko” erabakia hartu zuen arte. Urte hartan bere lanak “osatu” eta eskulturatan bihurtu zituen.
Mueck-en eskultura guztiak giza gorputza dute ardatz. Osotasunean edo zatika, gizakia da Mueck-en artearen abiapuntu eta helmuga. Bere lana hiperrealista bada ere, Mueck-en eskulturek ez dute giza eskala mantentzen. Eskulangintzarako iaiotasuna eta testura organikoen kopiak egiteko teknika txundigarria menperatzeaz gain, bere lanek haratago joateko gaitasuna dute. Harridura, zalantza eta ezinegona sortzeko gaitasuna dute. Eskultura hauek gainera kopia kontzeptutik ihes egiten dute, eta asmo horretan eskulturen eskalak garrantzia handia du. Errealismo zorrotza vs neurrien desoreka horrek kontraesana sortu eta ikuslearen barrukaldean zerbait mugitzeko gaitasuna du. Mende berriaren atarian, Charles Saatchi enpresa gizon eta bildumazale famatua bere lanarekin maitemindu eta Mueck-en obra erosten hasi zen. Nazioarteko errekonozimendua “Dead Dad” obrarekin iritsi zitzaion. Bere aita hilaren iguala zen eskultura hiperrealista egin zuen silikona eta bere ile propioak erabiliaz baina eskulturaren tamaina naturalaren bi hereneko neurrian egin zuen. Gustatu edo ez, Mueck-en giza figurek ez zaituzte epel uzten euren baitan kontraesan eder bat gordetzen dutelako: Batetik, gizakiak, ia instintiboki, perfekzioa bilatzen duela erakusten dutelako, eta bestetik, perfekzio horrek, munstroak sortzen dituela frogatzen delako...