• 1
  • 2
hurrengoa
las fellini edo txanogorritxu lizuna bilbo zaharrean myriam garzia   Oskar Delgado (Nagore Gore): “Nire amonak Bilboko alkateak baino mentalitate irekiagoa du”

"Bambi ere trabestia zen”. Aitorpen honekin hasi gara hizketan Bilboko errubia rriskutsuarenarekin, Nagore Gorerekin. 11 urte taulen gainean, antzerki kabareta egiten, Las Fellini jada, igaro beharreko marra guztien gainetik pasatu dira.
Madril eta Bilbo artean zabiltzate. Zeintzuk dira epe ertainera dituzuen proiektuak?
Jada hirugarren urtea izango da ostegunero Bilbo Zaharreko Badulake aretoan biltzen garela “Operación Travesti” ikuskizunarekin. Gure inguruan dabilen jendeari gonbita luzatzen diogu ikuskizunean parte har dezan, gurea ez delako soilik transformismo ikuskizun bat, umorea ere oso garrantzitsua da, antzerki kabareta da azken finean. Umore antzeztua, kabareta, gure lanean zerbait nabarmentzen bada hori da, bapatekotasun dosi handiarekin. Badulakeko jendeari eskertu beharra dago egindako lana eta esfortzua, taldea krisi sakon batetik ateratzen lagundu digutelako. Baina azken urte hauetan zerbait lortu badugu zera da: belaunaldi berriak gureganatzea. Jende gazteagoa da ikuskizuna ikustera datorrena, unibertsitarioak dira eta gaua gustuko dute. Madrilen ere bi urte daramagu igandeetan “Allo Fellini” ikuskizunarekin, La Boite aretoan, gure ildoari jarraituz. Eta bestetik, Bilbon ere, Conjunto Vacio aretoan ostiraletan hasiko dugu beste proiektu bat “CTV” izenekoa, hau da, “Conjunto de travestis al vacio”. Jai erraldoi bat egingo dugu hilean behin, izen handiko trabestiekin, La Terremoto de Alcorcon ekartzeko esperantza daukagu urriaren 19rako. Galiziatik ere deitu digute, A Coruñan egiten diren Puticlù jaietan parte hartzeko. Bartzelonako Jaialdi Erotikoan ere izango gara… Las Felliniren urtemuga ere ospatzeko asmoa daukagu, Bilborock-a alokatu eta jai erraldoi bat egin...

Madril edo Bilboko ikuslegoa ezberdina al da?
Garrantzitsuena zera da, gazteak eta irekiak izan daitezkeela, baina ez da aukera sexualengatik mugatutako ikuslegoa. Hau da, ez zara gay izan behar horrelako ikuskizun batera hurbiltzeko. Zati handi bat bada, euren guneetan izaten direlako emanaldiak. Baina bai, denetarik dator. Agian, Madrilekoa nagusiagoa da, gure belaunaldikoa edo, Bilbokoa lehen esan bezala gazteagoa da. Bilboko ikuslegoa gainera fidela da, badakitelako ostegunero etorri arren, ikuskizuna beti izango dela ezberdina.

Bilbo Zaharra da zuen lan eremua. Ez al du beste garai batzuetako La Otxoaren La Palanca gogora arazten, Cortes kalearen beste garai batzuk?
Ez dut uste, jendeak ez du erlazionatzen gure ikuskizuna horrekin, urte piloa pasatu delako. Baina bai, egia da jendea lehen Cortesera hurbiltzen zela antzeko ikuskizunak ikusteko. Beti egon da jendea antzerki mota hau bultzatu duena, bere presentziarekin edo beste era batera eta jende horri esker aurrera atera da kabareta. Garaiak ere ezberdinak dira, baina oraindik bada bizitza bikoitz hori daraman bikote ezkondurik. Agian ez dut etxean horrelakorik nahi baina gauez bai, hurbiltzen naiz ikuskizunera. Bestetik, teknologia berriak asko laguntzen dute egun, bideoak zintzilikatzeko aukera edo fotologak... Mundu osoan ezaguna izan zaitezke.

Asko ikasi duzue azken 11 urte hauetan?
Ikasi, bai, asko ikasi dugu. Gezurra dirudi baina gure bizitza normalean oso sosoak gara. Baina taula gainean hainbeste denbora eman eta gero, ikuslegoa zureganatzea lortu eta gero, hemendik hara ibiltzeak... Adibidez, jendearen barrea ulertzeko, ikuslegoaren erantzuna, hortik ikasteko denbora ere izan dugu. Bapatekotasunari tarte handia lagatzen diogu eta azkenean badakizu non eta noiz egin zerbait, horrela ikuskizuna ere garatzen doa, badakizu zerk funtziona dezakeen eta zerk ez. Klasiko asko ditugu gure ibilbidearen hasieratik iraun direnak. Gu ere garatu gara, lehen ez genuen bapatekotasunik lantzen, baina denborarekin lotsa eta beldurrak galtzen dituzu. Kontua da jendea barre eginaraztea, eta jendearengana zuzentzeko traba den guztia erditik kendu beharra dago.

Zein da Euskal Herrian duzuen ekimena kultur zirkuitoaren barruan?
Instituzioen zerrenda beltzean gaude. Aurreiritzi asko dago Las Felliniren inguruan maila honetan, maila pribatu eta partikularrean ematen ez dena, azken finean, kontratatzen bazaituzte jendea erakartzen duzulako da, eta enpresariari hori axola zaio. Baina oso arraroa da Bilboko talde bat izanda, hainbeste urteren ostean BADen (Bilboko Antzerki Dantza) ez egotea. Betoa daukagu udaletxean, bai jaietan parte hartzeko bai eta edozein ikuskizun aurrera ateratzeko. Eskerrak publikoaren laguntza daukagun, eta hemen ez bada beste leku baten izango da, eta horri esker Las Fellini aurrera goaz...