hurrengoa
karea xabier gantzarain   Karea, Pello Ulazia artistak Donostiako Paseo Berrian eginiko interbentzio iragankorra da. Haserretu egin zara munduan gehien maite duzun pertsonarekin, eta ito egiten zara etxean, kurloia kaiolan bezala sentitzen zara. Orduan, hegan egiten du zure memoriak, eta orain arteko porroten inbentario bat egiten dizu. Gero, arnasa behar duela esaten dizu buruak, arnasa behar duela bihotzak. Donostian zaude, eta oinez ekin diozu bideari, noraezean, eta pausoa pausoari lotuz egin duzu bidea, ibai ertzera iritsi arte. Han urari so gelditu zara une batez, eta urari jarraiki, itsasaldera abiatu zara. Miraz ibili zara kurloien hegaldi bihurriari begira, eta ez zara konturatu Paseo Berrira iritsi zarela.
Bat-batean, harkaitz zuri bat ikusi duzu, hiruzpalau eskailera mailarekin. Gora igo eta gorputzari erortzen uztea pasa zaizu burutik. Baina kurloi bat etorri zaizu albora, eta begira gelditu zaizu. Bere atzetik zoaz. Saltoka doa aurrera, bere parera iritsi zain egoten zaizu. Aterpe txiki batera eraman zaitu. Negar egiteko lekua dirudi, malko usaina dario. Baina ez dizu utzi han gelditzen, saltoka ekin dio berriro bideari. Itsasoaren barreneraino doazen eskailera batzuen parean gelditu da gero. Harrituta gelditu zara. Hantxe dago, azken eskailera mailan eserita, munduan gehien maite duzun pertsona.