• 1
  • 2
hurrengoa
howe gelb-en kaleidoskopio sonikoa deckard   I  el humilde fotero del pánico Piano eta gitarra baten laguntza soilarekin agertu da duela gutxi eszenatoki txiki bitan (Muskizen eta Zarautzen) musikari estatubatuar sailkaezina. Duela hilabete batzuk, Donostiako Jazzaldiari hasiera emateko ekarritako gospel koru formatutik guztiz aldenduta egin digu azken bisita (Gospel doinu horiekin grabatu zuen bere azken bakarkako lana: "No Angel Like You"). Gelb-en prestigioa bere errekonozimendu publikoarekin bat ez badator ere, hark egiten duen country alternatiboaren berrirakurketan oinarriturik, edozein musika mota arrakastaz barneratzeko gaitasuna duela frogatu du sorkuntza ia orotan.

Bere sorkuntzaren enbor nagusiak Giant Sand du izena. Tucson-en (Arizona) finkatua eta azken 30 urtetan, amerikar ukituko rocka eta bestelako estiloen arteko nahasketa biltzen dituen enbor horretatik adar ezberdinak sortu dira, Gelb-en proiektu edota bere taldekideen proiektu bilakatu direnak. OP8, The Band of Blacy Ranchette, Giant Sandworms, edota duela gutxi ezagutu genuen Arizona Amp and Alternator Gelb-ek erabiltzen dituen mila mozorroetako batzuen izenak dira. Giant Sand enborretik sortu diren kimuen artean The friends of Dean Martinez eta nagusiki Calexico, Joey Burns eta John Convertino bikotearen proiektua aipatu nahi genituzke: bi musikari hauek taldekide zituela grabatu zuten, John Parish-ek ekoiztuta, Giant Sand-en diskorik eder eta liluragarriena: "Chore of Enchantment" (2000), desertuaren doinua gisa definitua izan den lana.

Proiektu nagusia alboratu gabe, Howe Gelb-ek beste esperimentu batzuk ere gauzatu ditu. Piano disko instrumental bi, aipatutako gospel koruarekin egindako lana, slide gitarraren sekretuak erakutsi zizkion Rainer Ptacek alemaniarraren lanetan egin dituen kolaborazioak. Ipurterrea eta nekaezina, koba batetik datorren ahotsaren jabe Lou Reed-ekin alboratzen dute batzuk. Kolore eta forma berriak gehitu dizkio bere kaleidoskopio musikalari azken lanaren grabaketekin, Austriako talde batekin ekoiztu duen "musika molekularra" edota piano bilduma berri baten grabazioarekin. Fernando Vacas-en (Flow, Prim La La ) gonbidapenari baiezkoa eman eta flamenkoarekin frogatzeko asmoa du. Gelb beti aurrera begira, beti mugimenduan.