hurrengoa
kontu txino bat uxueta labrit   Txinatarren filmak maite genituen haurtzaroan. Akaso horregatik eman genuen izena ikastolako judo taldean. Denborak aurrera egiten du ordea. Pelikula haiek ikusten genituen zinema areto desagertuen izen mitikoei erreparatzea besterik ez dago: Rex, Savoy, Miramar... Gure judo irakaslea ere, mitiko bihurtu da bere erara. Garai hartan ile gehiago eta bibotea zuen Julen Madina gaztea zen gure "maisua". Kontua da, haurtzaroko txinatarren film horiek maitatzen jarraitzen dugula. Eta orain zain gaude. Zang Yimouren azkenekoaren zain.
"The Curse of the golden flower" -urrezko lorearen maldizioa- izena du, nahiz eta jatorrizko izenburua "Urrezko armaduradun hiria" duen. Film honetan bere azken lanen ("Hero", "House of the flying daggers") joerari jarraitzen dio: guda eszena ikusgarriak, dekoratu liluragarrietan gertatzen diren botere intriga shakesperianoak eta kulebroi kutsuko maitasun istorioak. Eta Yimouk ohi duen moduan, arnasa kentzeko moduko irudi planteamendu ikusgarri batekin filmatua. Drama honek gainera polemika handia piztu du Txinan. Polemikaren ardatza, bitxia badirudi ere, eskoteetan dago. Kritika ugari jaso dituzte soinekoek, eta hauek estali ez dituzten gorputz-atalen gainezka egiteko joera. Polemika horrek ordea ez du saihestu Yimouren azken filmak Txinako historiako takila errekor guztiak hautsi izana. Arrakasta honen ardatza, enpresek masiboki erositako sarreretan dago. Esate baterako, China Mobile telefono konpainiak 740.000 euro gastatu ditu bere langileentzat sarrerak erosten.
Nik, judoa gerrikoa, hori-laranjan zintzilikatu nuen. Gure judo irakasleari, Iruñeko entzierroetako "jandillek" gerrikoa gorriz margotu zioten... denborak aurrera egiten jarraitu du... baina txinatarren filmek gugan sortzen duten lilurak bizirik dirau. Eta lilura hau gainera hazten joango dela susmatzen dugu, deslokalizazio fenomenoak jota, enpresa ugarik bere ekoizpena Asiara eraman duen garai hauetan ametsen fabrika ez delako salbuespen bat.