• 1
  • 2
hurrengoa
pere lachaise hilerriko zuzendari agurgarria    Zuk zuzentzen duzun urbanizazioko bizilagun talde bat gara. Urte mordoa eman dugu isilpean sufritzen, baina gure pazientziak gainezka egin du dagoeneko. Parisko hilerri kuttunenaren zuzendari kargua handiegia datorkizula esateko idazten dugu begi aurrean duzun eskutitza.
Bisitan datozen kanpotarren eskaera eta kapritxoen aurrean makurtzearekin aski ez eta bertoko biztanleen deskantsu eternoaren zaintzaile izan beharrean, gure etsairik bortitzena bihurtu zara. Baieztapen honen adibide ugari aipatu genitzake: Oscar Wilderen hilerrian dagoen aingeruaren eskulturaren hankartea apurtu eta desagertu zenekoa adibidez, gerora zure bulegoko mahaian paperei eusten ikusi izan zuten horixe bera. Eskutitz honen helburua ordea ez da hori. Badakigu gure komunitate honek duen garrantzi turistikoaz. Gure artean itzal handiko bizilagunak egoteak jendea erakartzen du. Argi geratu dadila, ez dugula gure bizilagun famatuen aurka idatzi eskutitz hau. Gure artean daudenetik behintzat, ez dute inongo iskanbilarik sortu eta primeran integratu dira komunitatean. Hau esanda, ezin ditugu zure kudeaketa zabarraren ondorio lotsagarriak salatu gabe utzi.
Eskutitz honen bitartez, hain maiteak dituzun hildako famatuen alboan gaudenok, pairatu behar izaten dugun zikinkeria, lore lapurreta, pintada, zapalketa eta zarata salatu nahi ditugu. Eta gertakizun horien aurrean zuk, zuzendari jaunak, agertzen duzun axolagabekeria lotsagarria iruditzen zaigu. Eta ez erabili mesedez, behin eta berriro erabiltzen duzun denboraren higaduraren aitzakia. Zaharrak dira gure urbanizazioko "etxehilotzak", zaharrak baina duinak.
Besterik gabe, eta gure kexu hauek gurekin batera lurperatuko ez dituzulakoan,

Au revoir.

Famille Papeil eta hildako famatuen bizilagunen 35 sinadura gehiago.