hurrengoa
cyann & ben: soinuaren kolore eta emozioak    Non eta nola hasi zen taldea?
BEN: 2001. urtean hasi ginen. Cyann eta ni beste talde batean genbiltzan eta banatzea erabaki genuen zerbait pertsonalagoa egiteko. Lehendabiziko demoa grabatzea erabaki genuenean Charlie-ri laguntza eskatu genion. Egun gure bateria jolea da. Aspaldiko laguna dut eta aspaldian beste talde batean jo genuen elkarrekin. Loic botoi batzuk ukitzera etorri zen grabazioa egin genuenean. Hura egin ostean, bi izanik nahi genuen indarra lortzea ezinezkoa zela ikusi eta Charlie eta Loic-ekin Cyann and Ben laukotea osatu genuen.
CHARLIE: Oso naturala izan zen elkarrekin jotzea. Grabatutako kantuak zuzenean jotzeko entsaiatzen hasi ginen baina berehala jotzen hasi eta gauza berriak sortzen hasi ginen. Instrumentu guztiak gela erdian jarri eta “nola erabiliko dugu guzti hau?” pentsatzen genuen. Oraindik gordetzen ditut Loicek bi gitarra batera jo zitueneko eguneko argazkiak. Dibertigarria eta ikasketa garai zoragarri bat izan zen!

Zer esan diezagukezue Paris-ko Vogue Studiotan eginiko grabaketaz?
BEN: 60. hamarkadan eraikitako leku zahar bat da. Vogue zigiluko artistek bertan grabatu zuten. Françoise Hardy, J Aques Dutronc... Gero abandonaturik geratu zen baina instrumentu eta objektu musikal zaharren maitale batzuk berreskuratu eta birsortu zuten estudioa. Zuzenekoak grabatzeko ez du parekorik. Horretarako eraiki zen. Esperimentaziorako estudio bat da eta gu horren bila genbiltzan. Gauza berriak frogatzeko aukera eman zigun. Disko bat egiteko modu berri bat izan da. Grabaketa osoan soinu ingeniaria izan dugun lehen aldia da. Modu horretan alderdi artistikoari soilik egin diogu so. Musikari eta honen koloreari adi egoteko aukera eman digu. Esperientzia izugarria.
LOIC: Zuzeneko grabaketa egin nahi genuen. Estudioko giroa ezinhobea izan da eta elkarrekin lan egiten gozatu dugu.
CHARLIE: Lehen bi diskoak bakarrik grabatu genituen entsegu lokalean eta mendiko etxe batean. Baina oraingoan honelako estudio batean eta soinu ingeniari batekin lan egitea izugarria da izan da. Diskoaren erdia zuzenean grabatu genuen, ahotsak ez ezik. Bigarren zatia esperimentalagoa da. Mikrofonoak toki ezberdinetan jarri edota bateria gitarra anplifikadoreen bitartez grabatu genituen. Vogue, gisa honetako grabaketak egiteko toki ezin hobea da. Estudioak duen gitarra, sintetizadore eta pedal bilduma frogatzeko aukera izan genuen gainera... zeruan egotea bezala izan zen!

Zuen disko berriak, "sweet beliefs" oso soinu partikularra du. Zuzenekoetan soinu hori mantentzen duzue?
BEN: Soinuari lotuta dagoen talde bat gara. Kantuen zatia da soinua. Zuzenean jotzen dugunean diskoaren atmosfera bera islatzen saiatzen gara. Espero dut zuzenekoak ere bereziak izatea. Instrumentu eta material zaharra dugu: teklatuak eta efektuak, ordenagailuak, perkusioak, gitarrak. Tramankulu "vintage" guzti horiek ahalik eta modu interesgarrienean erabiltzen saiatzen gara.
LOIC: Baina ez gara gezurtiak. Entseguetan asko lantzen ditugu kantuak eta gero grabaketan ez dugu grabaketa gehiegi egiten. Ahotsak eta beste konponketa batzuk ez ezik... horregatik da gure soinua beretsua diskoan eta zuzenekoetan.
CHARLIE: Jotzen hasi ginenean esan dut instrumentuak ekarri eta salseatzen ibiltzen ginela. Biretara gure tramankulu guztiak eramatea ordea arazo bat izaten da. Bereziki "vintage" instrumentuak, beti gabiltza zinta eta halakoekin gauzak lotzen soinu frogetan. Batzuetan gure ekipo analogoen simulazio digitalak erabiltzen ditugu zuzenean baina hori litzateke alde bakarra diskoa eta zuzeneko emanaldien artean. Nire ustez alde bakarra energian dago. Diskoa, bolumen baxuan entzunda lasaiagoa dela dirudi. Zuzenean, entzulegoaren erreakzioak energiaz bete zaitzake eta emanaldi indartsuago eta kementsuagoak ateratzen zaizkigu.

Zein da hitzen garrantzia zuen musikan?
BEN: Ahotsa instrumentu gisa erabiltzen dugu. Horregatik ez dira azaltzen lehen maila batean. Hitzak guri gertatzen zaizkigun gauzetaz hitz egiten dute: maitasuna eta tristura. Horregatik dira garrantzitsuak guretzat.
CHARLIE: Hitzek garrantzia dute gure musikan. Pieza instrumentalak oso gutxitan sortzen ditugu. Musika eta melodiak konposatzen ditugu lehenik eta gero datoz hitzak, baina hitzek osatzen dute pieza. Hitzek euren esanahia dutelako, batzuetan ulertzeko errazak dira, beste batzuetan abstraktuagoak...

Niri zuen diskoa eguneroko soinu banda gisa balio dit. Emozioz gainezka egiten du. Honen inguruan ba al duzue zeresanik?
LOIC: Gure musika irekita mantetzen saiatzen gara. Emozio askok izan dezake bertan lekua guztiok batera konposatu eta konpontzen ditugulako kantuak eta guztiok dugu kantuaren pertzepzio propio bat.
CHARLIE: Gure musika gure eguneroko soinu banda da! taldeak gure bizitzako zati handi bat hartzen duelako. Nik ez dut Cyann & Ben’s diskorik entzuten. Baina beti nago musika berriaren bila. Guk jotzen duguna entzuten eta gustoko dugun musikaren bilduma da... eta bizi dugun bizitzaren ondorioa. Gure soinua eta musika garatzen ari da eta Cyann & Ben geroz eta talde helduagoa eta zihurragoa da... eta bide batez gure bizitza ere bide horretatik joan dadila desio dut...