hurrengoa
non dago bp?    Betty Page edo Bettie Page. Berdin dio. Mamu berdina izendatzeko erabili izan diren bi izen ezberdin dira. BP mamuaren biografia ofizialak zera dio: Betty Mae Page (jaiotze ziurtagirian azaltzen den izena) Nashville Tennessee-n jaio zen 1923. urteko apirilaren 22an. 15 urterekin idazkari gisa egiten zuen lan. 17rekin irakaslea zen. Zarzaparrilla Rootbeer hotza edaten zuen eta bere lehendabiziko senarrak argazki kamara erosi zuenean Betty Mae Page BP bihurtu zen. Hiru aldiz ezkondu eta hiru aldiz dibortziatu. Bere senar guztiek zuten argazki kamara bat.

1950. hamarkadan, BP-ren irudi, afitxe, iragarki eta egutegiak mundu zabaleko txoko guztietara iritsi ziren. BP-rekin jaio ez baina gailurrera iritsi zen pin up model kontzeptua. Egun hain modan dagoen biluztasun egutegietako moda hori BP eta bere gisakoei zor diegu. Beste hamaika pin-up modelu baldin bazen zergatik datorkigu beti BP burura? Kontraesana badirudi ere, arrazoi nagusia ez da fisikoa. BP-ren biluztasuna ez zelako fisikoa soilik. BP-k ezkutuko desio ilunak azalaratzen zituen eta horrek lilura berezia sortzen zuen "bezeroengan". 50.hamarkadako AEBtako urbanizazio kloniko eta zoriontsuetako pareten barrualdean gordetzen ziren sexu grinei ateak irekitzea lortu zuen. Sexua, sadomasokismoa, fetitxismoa, lesbianismoa...ordura arte ezkutuan gorde beharreko "desbiazioak" erakusten zituen BP-k bere jarrera ireki eta zirikatzaileaz. BP azaldu arte ez zen zalantzarik esistitzen: gizonezkoek emakume biluzien irudiak euren mesederako erabiltzen zituzten. BP-ri esker, emakumeek gizonezkoen desio horiek euren mesedetan erabiltzen hasi ziren.

BP 1957. urtean desagertu zen eta orduz geroztik ez dugu haren irudirik ikusi. Los Angelesen etxe bat du eta bertan egonaldiak egiten dituela dakigu. Azken bi hamarkadetan dozena erdi elkarrizketa eskaini du, telefonoz edo gutun bitartez. BP betirako izango da 50. hamarkadako argazkietan azaltzen den BP hura. Ostekoa Betty edo Bettie Page mamua da. Guk biak maite ditugu. Bere gorputzeko bihurguneetan istripua izatera bultzatzen gaituen BP pin up lotsagabe hura eta gure hankatartekoaren ikono izateagatik aberats bizi den Betty edo Bettie Page mamua.

babesturik: