paper
hurrengoa

rimmel

koldo izagirre. susa

Nahiz eta promozioan eta prentsan azaldu den, Koldo Izagirrek Rimmel nori zuzendua eta zerk bultzatuta idatzi duen ez dugu aipatuko guk hemen; liburu eder honetan bildutako poesien irakurketarekin deskubritu beharreko zerbait dela uste dugu. Azken finean, esperientzia pertsonaletik idatzitakoa bada ere, argitaratu eta kaleratzen den momentutik, poesia guztiona bihurtzen da. Nerudaren postariak, txiletarraren poesia bere mesederako erabiltzen zuenean bezalaxe. Rimmel-en irakurri dugu:
Jadanik ez goaz karrikan eskuz esku / heldu da heldu behar zuen haustea / Beste esku batek helduko du zeurea.
Orain zure esku dago.

hurrengoa

cyrano

testua taï-marc le thanh/ilustrazioak rebeca dautremer·edelvives

Noizean behin norbaitek liburu bat oparitzen dizu. Tarteka, opari jasotako liburu horrek liluratuta uzten zaitu. Hori gertatzen da Cyrano ren historiaren remake-a egiten duen liburu honekin. Testua, haurrei zuzendua egon arren, istorioaren muinera jotzen du, modu jostagarrian beti ere. Baina liburu honen meriturik handiena ilustrazio eder eta iradokitzaileetan datza. Beste altxor bat zure liburutegirako.

hurrengoa

kink magazine

pacoymanolo

Paco eta Manolo Bartzelonako bi argazkilari dira. Proiektu eta argitalpen ezberdinen sortzaile izan dira. Horien artean Kink. Autoekoizten duten aldizkari honetarako argazkiak ateratzen dituztenean, kamerak klik egin beharrean kink egiten du. Kink, azal zuriko gazte batek zakila laztantzen duenean. Kink, basoko arbolen artean gorputz biluzi bat azaltzen denean. Kink, baldosazko lur hotzean etzanda dagoen gizonaren azala oiloipurditzen denean. Kink. Kink. Kink.

hurrengoa

rocky: la venganza

martin kellerman. la cúpula

Martinek 25 urte ditu. Komikilari gisa lan egiten zuen aldizkari porno batetik kaleratu berri dute. Neskalagunak beste batekin txortan harrapatu du eta hori gutxi balitz, etxetik bota eta anaiarekin bizitzera joan beharra du. Martinek, esperientzia pertsonal honi aurre egiteko, bere burua protagonista duen komiki tira bat egiteari ekin zion. Jarraian irakurrita, nobela grafiko bat osatzen dute suediar honi gertatutako pasadizoek. Eskertzekoa bere buruarekin garbi jokatu izana. Horri esker gure burua behin baino gehiagotan ikusiko dugu "marrazturik" Rocky pertsonaiaren jokabide ziniko, matxista, makureta berekoian.