hurrengoa
A.N.A.: Autonomous Non-violent Agent    AEB etako ejertzitoak, Irakeko gudan, urrutitik kontrola zitezkeen errobot soldaduak frogatu zituen. Proiektu hau iragarri zutenean ordea, ez zekiten beste errobot bati ere "bizitza" eman behar ziotenik. Errobot honek ANA du izena eta gudarako pentsatua zegoen arren, bake ekintzetarako bideratu dute bere sortzaileek. La fábrica de las cosas bonitas taldeko Julio Fernandez da proiektu honen bultzatzaile nagusia, baina bere egitasmo honetan bazter ezberdinetako laguntzaileak ditu. Horietako bat, MIT-eko Media Lab-eko Cultural Computer Group eko zuzendaria eta Freedom Flies-en bultzatzailea den Chris Csiksentmihalyi (ikus the balde 24).

ANA ez da errobot manifestari soila. Proiektuaren xedea, errobota sortzeaz gain, hausnartu araztea eta ANA-ren akzioak bideratuko dituen estrategia bat garatzea da. Proiektu hau, gatazka armatuen gizatasunaren higadura eta gatazka hauen konponbide politikoak mekanika hutsera eramateko joerarekin kritikoa da. Gizakia gizaki denetik beti asmatu izan ditu bere lan kargak arinduko dituen tresna teknologikoak. Gizakiaren lan hauen artean, nagusienetakoa elkar hiltzearena izan da beti. Arrazonamendu hori irauli eta hori bera salatzeko jaio da ANA. Ez ditu Theodore Kaczynski-k (Unabomber) bezala bere planteamenduak muturrera eramaten. ANA ez dago progresoaren aurka; progresoak daraman norabidearen inguruan hausnartzeko "arma" bat besterik ez da. Umoreaz baliatzen den arma gainera. Indar uniformatuen aurrean ANA eta bere pankarta irudikatze soilak irribarre bat margotzen digu.

ANA gauzatzeko prozesuan prototipo ezberdinak garatu dituzte. Egoera ezberdinen aurrean errobot bakoitzak dituen arazoak aztertu eta teknikoki hobetzen ari dira apurka-apurka. ANA proiektuaren baitan ere, bideragarritasun ekonomikoa kontuan hartzen da. Asmoa ez da museo batean erakusteko pieza sortzea, baizik eta kalera aterako den errobot ekintzaile bat egin eta ahalik eta ale gehien sortu eta zabaltzea. Arrazoi honengatik eragileek material birziklatuekin eta kostu ekonomiko urriarekin gauzatu daitezkeen ANA-k sortu nahi dituzte. Azken batean, proiektu honen helburua, ANA nola egin asmatu, prozesu hori sarean jarri eta, nahi duenak, bere errealitate propioari moldatutako ANA garatu eta esperientzia hori besteekin trukatzea da.

ANA, gainera, ez da hausnarketarako tresna soila. Teoriatik akziora pasatzen den egitasmoa da. Eta hori frogatzeko ANA-k ekainean Hamburg-en ospatuko den G8-ko bileren aurka egin behar diren egitasmoetan hartuko du parte. ANA errobot soil bat da, eta bere partehartzearekin mobilizazioen "deshumanizazioaren" inguruan ere eztabaida sor dezake, baina dagoeneko, manifestaziotan parte hartzen duten batzuek baino inteligentzia garatuagoa duela frogatu du.

ANA proiektua nola gauzatzen ari den ikusteko sarean topatuko duzue hainbat lotura:
www.anaproject.org gunean proiektuaren aurkezpena duzu. Bestetik, www.lafabricadecosasbonitas.com guneari bisita ere interesgarria izan daiteke eta amaitzeko, ANA eta beste hamaika gauza nola egin daitekeen ikasteko eta informazio praktikoa trukatzeko, bere kabuz artikulu bat merezi duen www.instructables.com webgune interesgarria.