laburrak
hurrengoa

ikusentzunezko garaikideak

Ikus-entzunezkoen mugak geroz eta lausoagoak dira. Euskarri ezberdinek bat egiten dute, sorkuntza berriei bideak irekiz. Zinea, bideoa, musika, animazioa eta beste hainbat alorrekin lan egiten duten artista berrien bildumak eskura ditugu. Spike Jonze, Michel Gondry eta Chris Cunninghamen bildumez gain, Anton Corbin, Jonathan Glazer, Mark Romanek eta Stephane Sednaoui egileen lanak eskura ditzakezu egun.

hurrengoa

hi how are you?

Daniel Johnston kantariaren webgunea. Gutxiengo batek ezagutzen zuen musikagile berezi hau. The devil and Daniel Johnston filmari esker, gutxiengo hori apur bat zabaldu da, gutxiengo izateari utzi gabe beti ere. Gune honetan, bere diskoak, elastikoak eta marrazkiak erosteko aukera izango duzu. Arazo psikologikoek eta negozioek ez dute zertan aurkari izan...

hurrengoa

begirada asiarra

Zinema asiarra zergatik gustatzen zaigun aipatzen hasteak luze joko luke. Azken urteotan iritsi zaizkigun film eskas horiek istorioak kontatzeko begirada berriak daudela erakutsi digute, eta jakina, behin hasiz gero, zaila da asetzea. Zinemaren etorkizuna ekialdetik dator... eta etorkizun hori nolakoa den ikusteko gune hau zure bilatzaileko kuttunen artean jartzea besterik ez duzu.

hurrengoa

bestiarium gastronomicae

Gyula Madarâsz ornitologoaren lana erakusten digun erakusketa paratu dute Koldo Mitxelena Kulturguneko aretoan. Jose Belmontek, ornitologo hungariarraren lanetan deskribatutako animaliak modu eder eta iradokitzailean marraztu ditu. Zoologia, gastronomia, errealitatea eta asmakizunean oinarrituriko erakusketa original eta ezohikoa gurean. Urtarrilaren 13ra arte.

hurrengoa

euskal kultur erakundea

Iparraldean antolatu eta ospatzen diren kultur ekitaldien eragile eta bultzatzailea da Euskal Kultur Erakundea. Bidasoaren ipar ertzean bizi direnentzat edo bisitan doazenentzat, gomendagarria da elkartearen webguneari tarteka bisitatxoa egitea.

hurrengoa

art antzezlana

Yasmina Rezaren Art antzezlanak ibilbide oparoa izan du. Munduko herrialde ugaritan antzeztu da arrakasta handiz. Arrakasta horren ardatza, testu biribil bat eta testu hori defendatzen duten hiru aktoreetan oinarritzen da. Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Ormazari dagokie euskarazko "Arte" antzezlan honen ardura. Txalok ekoiztuta eta Karlos Zabalaren zuzendaritzapean, hiru aktoreek, erronkari eutsiko diotela ziur gaude. Dagoeneko 50 emanalditik gora hitzartu dituzte.

hurrengoa

ubu

Ezohikoarekin topo egitea ez da batere erraza. Ezohikoak diren proposamenak biltzen dituen gunea topatzea ordea oso erraza da. Ubu du izena. Sarean dago. Diziplina ezberdinetan aritzen den hamaika sortzaileren hamaika lanekin gozatzeko aukera. Ubu-n eskura duzuen artxiboak ez du preziorik. Ez horregatik...

hurrengoa

bihotz apurtuak

Ez dakigu zergatik (ez da egia, badakigu, baina gure buruaz lotsatzen gara...), baina harreman hautsien museoa bisitatzea atsegin dugu. Dagoeneko existitzen ez diren harremanek utzitako aztarnak ikustea zirrara berezia eragiten digu. Ziurrenik, gutariko bakoitzak, etxean, horrelako museo propioa dugulako izango da. Museoaren egoitza Zagreb-en dago baina sarean ere bisitatu daiteke.

hurrengoa

kanariar uharteko biurtekoa

Arkitektura eta arteak naturarekin duen eta izan dezakeen harremanaz jarduteko antolatu da biurteko hau. Herrikide, arkitekto eta artistak naturarekin zein harreman eta lotura dituzten aztertzeko antolatu den ekimen honek ezin zuen kokaleku aproposagorik izan. Gizakiak naturan eragiten duenean eman ditzakeen emaitza anitzen katalogo baitira Kanariar Uharteak. Onerako eta txarrerako. Hegazkin txartel merkea eskuratu eta animatu...

hurrengoa

balenciaga addicted to rock!

Rock´n Roll estetikak moda mundua kutsatu duela ezeztatzen zuenik geratzen bazen, aurrerantzean bere teoria defendatzeko ez du inongo adibiderik izango. Elkano-ren herrikide zen Balenciaga klasiko eta dotorearen azken kolekzioa ikustea besterik ez dago. Bere azken bildumari erreparatu eta Robert Palmer-en Addicted to Love-eko nesken gerri mugimenduan pentsatzen hastea bat izango da.

hurrengoa

kerobia

Coldplay, Keane... Kerobia. Bai, iruindarren iturriak zeintzuk diren nabarmena da. Iturri horiek mesprezuz aipatzen dituztenen artean, txalaparta zaleak besterik ez egotea eskertzekoa litzateke, Euskal Herrian egin den beste musika guztia kanpoan egindakoaren kopia edo moldaketa izan delako. Bigarren lana kaleratu du Kerobiak: Rose Escargot. Euren zuzenekoaren kalitatea ikusita, kontzertu ugari emango dituztelakoan gaude. Datak, taldearen webgunean begira ditzakezue.