hurrengoa
limoi zaporeko oroitzapenetarako capsula myrian gartzia   Disko berria atera duzue, “Songs and circuits” (Liliput, 2006), nolakoa da diskoa?
Martin: “Zuzenean azkenaldian egin dugunaren antzekoa, rockeroagoa, baina badu ere beste diskoetako ezaugarririk”.

¿Ingelesez?
Martin: “Bai, den-dena (kar, kar, kar). Badirudi jendeak egiten duenaren kontra egiten dugula guk. Urte honen hasieratik edo, asko jo dugu kanpoan, Fantzian, Alemanian, Erresuma Batuan... eta ez zeukan zentzurik han gazteleraz abesteak”.
Coni: “Mezua errazago helarazten saiatzen gara, jendearengana hurbildu nahi dugu. Ingelesa hor dagoen tresna bat da, erabili nahi izan dugu”.

Nondik dator izenburuaren esanahia, “Songs and Circuits”?
Coni: “Azken finean, hori da musika, abestiak eta zirkuituak, beharrezkoak dira disko bat egiteko. Bestetik, azkenaldi honetan lagundu izan diguten abestiak dira".
Martin: “Gainera kontzeptu klasikoa ere erabili nahi izan dugu, zirkuituen beharra abestiak disko batean islatzeko”.

Eta letrak? Betidanik izan duzue kontu berezia hitzekin...
Martin: “Betikoan murgildu gara, bizipenak, sentsazioak, bidean aurkitu dugun jendearen argazkiak edo irudiak..."
Coni: “...Baina nahikoa era pertsonalean kontatuak, hitz jokoak oso gustuko ditugu, nahi dugun erara erabiltzen dugu hizkuntza askotan”.
Martin: “Adibidez, diskoaren singlea, “Voices Underground”, horri buruzkoa da, sotoan gertatzen ari denaz hitz egiten dugu”.

Argentinarrak zarete, baina jada denbora dezentea da Bilbon bizi zaretena, Bilbo Zaharrean zer kontatzerik ere aurkituko zenuten?
Martin: “Bai, bai, hala da. Gainera Bilbora heldu aurretik izandako hirietan ere, Londresen edo Berlinen esaterako, antzeko auzoetan bizi izan gara. Diskoan ere islatzen dira aurkitutako iluntasuna eta argia. Badira urteak Bilbon bizi garela, gu ere hiriaren aldaketaz jabetu gara, gure auzoan eta Bilbo Zaharrean. Hasieran nahikoa gauza bitxia ginen jendearentzat, argentinarrak! Orain jendeak barneratuta dauzka kontu horiek eta beste batzuk ere”.
Coni: “Aldaketa ezagutu genuen, berria zaharraren kontra. Baina gauza on asko ditu Bilbok eta hasieran sei hilabeterako etorri baginen ere, hemen gaude oraindik”.

Eta etorri aurretik Euskal Herriaz zenuten ideia sendotu al da?
Martin: “Guk ezagutzen genuen Euskal Herria, Eskorbuto, La Polla eta Zaramaren Euskal Herria zen. Hona heltzerakoan hainbeste gauzek harritzen zaituzte!, koadrilek, jendea kalean ikusteak..."
Coni: “Gainera, bizitzeko leku baten bila genbiltzan, baina baita ere jarduera musikala aurrera ateratzeko toki baten bila ere. Londresen edo Berlinen ez da erraza, baina hemen ia astebururo daukagu kontzerturen bat, hori zen nahi genuena”