hurrengoa
joik abeslariak rockeroen artean kristina goikoetxea   liet ynternasjonaal:hizkuntza minoritarioen “eurovision” jaialdia. ”Gulát go, dan luodi mii njáhkala”, “Joik oihuka hurbiltzen entzuten al duzu?”. Honela hasten da 2006an Liet Ynternasjonaal Jaialdia irabazi duen Sami abestia. Suedian ospatutako musika lehiaketa honetan parte hartzen duten abestiak ez dira ingelesez, hizkuntza gutxituetan baizik: frisieraz, galesez, bretoieraz, laponieraz (sami), friuleraz, euskaraz, katalanez... eta ez dio axola hizkuntza horrek zenbat hiztun duen! Estoniako votic hizkuntza, adibidez, 60 pertsonak hitz egiten dute soilik. Eskenatoki gainean zeuden votic rockeroak senitartekoak izango dira ziur aski. Man Irlakoek hitz egiten zuten hizkuntza gaelikoa hilda zegoela pentsatzen zenean, bertako biztanle batzuk, grabazio batzuen bitartez euren hizkuntza berpiztu zuten eta hor zegoen Moot taldea, elektronika hizkuntz horrekin nahasten. Jaialdiko ikusgarrienak ordea, nahiz eta ez irabazi, ijitoak izan dira, romanieraz abesten. Kusturicaren filmen soinuak Suediaraino ekarri dituzte.

Jaialdi honetan parte hartu ahal izateko zure musikak berezia izan behar du, musikaren berezitasuna ez da bakarrik hizkuntzan ardaztu behar. Proposamenak izan behar du berezi. Beharbada, arrazoi horregatik ez dute rockeroek hainbeste arrakastarik izan 2006ko saio honetan. Euskal Herriko ordezkari izan den Gari horien artean. Azkenean, samien Joik irrintzia iruditu zitzaion epaimahaiari bitxiena, nahiz eta hitzak berdinak izan kontzertu osoan zehar. Hirugarren aldiz jarraian irabazi dute samiek. Abesti guztiak entzun nahi badituzu sartu www.liet.nl web orrian. Bertan azalduko da laster, hurrengo Liet Ynternasjonaal 2007 deialdian parte hartzeko oinarriak zeintzuk diren. Dirudienez, Akitanian, Finlandian edo Galizan ospatuko da. Prest izan Joik gehiago entzuteko.