• 1
  • 2
hurrengoa
sofa basatiak sagardantza   I  sagardantza Sofa basatiak ez dira basati jaio. Denborak egin ditu basati. Sofak gizakien aldamenean sortzen (eta hiltzen) dira. Ez dago beraientzako transzendentziarik. Gizatiarra dute patua. Beroaldietan, gizakiek larrua jotzen dute, sofa gainean baino, sofaren kontra kasik; lo kuluxka tenorean berriz, informazio katodikoa irensten dute sofan etzanda; iluntzean zerbezak edaten (hobe lagunekin bada) eta, bien bitartean, abstinentzia sindromea duten junkiek edozein lekutan bilatuko dute desesperazioa arintzen lagunduko dien zerbait, sofetan ere, noski. William S. Burroughs-ek Junky eleberrian idatzita utzi zuen: “Egongelara joan nintzen eta sofa errebisatu nuen. Eskua sartu nuen zirrikituetan, bizkarraldearen eta eserlekuaren artean. Orrazi bat, klarion zati bat, arkatz hautsi bat, hamar zentaboko txanpon bat, bosteko beste bat. Zorabiatu ninduen min handia sentitu nuen, eta eskua atera nuen. Atzamarreko ebaki sakonari odola zerion. Bizar-xafla bat, zalantzarik gabe”. Zorterik ez junkiarentzat. Baina ezustekoen kutxa izateaz gain, gizakiaren lagunik onena ere bada sofa bestondo igandetan.
Eta heltzen da eguna, zeinean lumak ateratzen diren; zeinean apar sintetikoa agerian gelditzen den; zeinean sofa barruan hondoratzen garen sofak berak irentsita; zeinean larrua jotzean Delicatessen-eko patioan baino zarata handiagoa ateratzen den; zeinean sofaren behealdean mukiak pilatzen diren estalaktiten gisara (sofa eta butaken dekadentzia, jabeen dekadentziarekin lotuta dago usu). Orduan, jabeak erabakitzen du sofak aske izan behar duela, eta hiriko bazter batera erbesteratzen du. Eta hiriko oihan bazterretan kamioneta zuridun ehiztarien harrapakin bihurtzen dira sofak, suaren harrapakinak, haur eta nerabeen harrapakin (txaboletako altzari ere noizbehinka)... Basapiztiak dira orain, eta behingoz euria sentitu dute aurpegian eta elur hotzak busti ditu. David Atemborough ordea, ez da inoiz hiri-oihaneko espezie basati horiei buruz mintzatu, eta gure etxeko sofa berrian erdi lo gaudela dokumental hori ikusi nahiko genuke.