• 1
  • 2
hurrengoa
klik...klik...klik...    Bidaiatzen dugunean turistak garela ahaztu nahi izaten dugu. Deskubrimenduak egiteko beharra sentitzen dugu. Eta hori ezinezkoa dela jabetzen garenean, gure kamarekin ateratako irudiak baliatzen ditugu lilura hori gauzatzeko. "Autentikoa" dena -edo iruditzen zaiguna- harrapatzen saiatzen gara gure kamerekin. Gure begiek ez bezala, gure kamarek zibilizazio aztarnak saihestu ditzaketelako. Helburua, bidaia egin aurretik bidaian topatu nahi dugun hori jasotzea, gordetzea, erakustea izaten da.
Eta bide horretatik honezkero deskubritua dagoena berriro deskubritzeko saiakera antzua egiten dugu behin eta berriro. Uneoro aurkezten zaizkigun aurpegi tristeko neska-mutil mukidunen bilduman gure aletxoa jartzen dugu...

XIX. mendeko esploratzaileen moduan ibiltzeari uko egin, behingoz Corto Maltes fikziozko pertsonai bat dela onartu eta modu garaikide batean jokatzea litzateke egun egin daitekeen ekarpenik interesgarriena. Gure kamaren objektiboetatik kanpo uzten duguna izaten delako maiz deskubrimendurik liluragarriena. Hain justu, egun, irudirik interesgarri eta berritzaileenak bide horretatik datoz. Begiratu dezagun mundua den bezala eta ez bidai aldizkariek eta turismo ministerioek babesturiko dokumentalek saltzen diguten moduan. Orduan hasiko gara deskubrimenduak egiten.