• 1
  • 2
hurrengoa
fumetti ederrak txo!?   Gian Alfonso Pacinotti Gipi, Pisan jaio zen 1963. urtean. Publizitate arloan ilustratzaile gisa ibili ostean, 1992an komikiak idazten eta marrazten hasi zen. Orduz geroztik bere komikiek sari ugari jaso dute. Baina guzti honek guri bost. Guri bere marrazteko estilo zorrotz eta ederra axola zaigu. Primeran kontatutako pasadizo kaletarrak eta bere estiloa bezain zuzen eta gogorrak diren istorioak axola zaizkigu. Istorio hauek irakurtzean sortzen dizkigun sentsazio, sentimen, ideia eta hausnarketak axola zaizkigu. Eguneroko errealitate bati begiratzen dioten istorioak direla axola zaigu. Guda bezalako gertakizun bortitz baten inguruan edota bizitza arruntaren inguruan ari dela, momentua kontatzen digu Gipik, eta momentuz momentu istorio erraldoi bat edo pasadizo anekdotikoa osatu dezake. Baina edozer dela kontatzen diguna, marraztu zein narratzeko bere moduak orriotara kateatzen gaitu.
Zorionez, bere bilduma nagusiak gazteleraz irakurri ahal izan ditugu: Exterior noche, Apuntes para una historia de guerra eta Los inocentes, hirurak Sins Entido argitaletxearen eskutik.
Bestela ere, pasa zaitezte bere blogetik (www.bacidallaprovincia.com, italieraz jakinez gero hobeto) eta bertan zirriborro, marrazki eta gauza interesgarri gehiago aurkituko dituzue, besteak beste Storie verticali, internetek ematen duen altuera amaigabea profitatuz, paperean gauzatzea ezinezkoa litzatekeen komiki saiakera interesgarri bat gehiago.