hurrengoa
György Ligeti: 2001: odiseatik haratago.    Transilvaniako Dicszenmarton herrian jaio zen, 1923an, lurralde hura oraindik populazio judutarra nagusi zuen Hungaria zenean. Bertako musika eskolan hasi zen ikasten eta berak zioen moduan “orduz geroztik ez nion sekula ikasteari utzi”. II. Mundu Gerran, familia osoa Auschwitz eta Mathausenen sartu zuten. György gaztea eta bere ama izan ziren bizirik atera ziren bakarrak. Guda ostean Budapestera itzuli zen, baina nazien ostean komunisten erregimena jasatea gehiegizkoa iruditu zitzaion, eta Vienara joan zen bizitzera. Orduan izan zuen kontaktua musika abangoardiekin (Stockhausen, Koenig,...) eta orduan hasi zen musika elektronikoarekin esperimentatzen. Herrikide duen Bartok-en jarraitzaile eta abangoardisten parte izan bazen ere, beti mantendu zuen independentzia bere lana egiterakoan, eta artaldetik ihes egin behar honek arazoak ekarri zizkion bizitza osoan korronte guztiekin. Matematika eta geometria zalea, bere musikak kalkulu eta kutsu zientifiko handia du. Mikropolifonia da adibideetako bat: polifonia hauetan armonia bakoitza independentea da eta apurka beste armoniekin nahasten doa, azkenean ehundura eta harmonia berri bat sortuaz.

1968an Stanley Kubrick-ek bere lanetako batzuk erabili zituen “2001: A Space Odissey” filman. Ligetik, Kubrick salatu eta dolar bateko konpentsazioa eskatu zion, epaiketa hura diruagatik baino baimena eskatu ez izanagatik hasi zuela esanez. Musika hark arrakasta itzela izan zuen eta ondorengo lanetan ere Kubrick-ek Ligetiren lanak erabili zituen, “The Shining” eta “Eyes Wide Shut” filmetan adibidez. György Ligeti 2006. urteko ekainaren 12an zendu zen Vienan.

Ligeti bere hitzetan

Amaieran, musika ez da zientzia bat.

Pianoa jotzea atsegin dut, baina niretzako soilik.

Cezanne nire kuttunetako bat da.

Lehenik eta behin musika entzuten dut. Musika atsegin dut.

Azken hamar urteotan ez dut diru arazorik izan. Baina diru grina gazteen gauza da.

Moskutik Budapestera bazoaz, Parisen zaudela iruditzen zaizu.

Aurretik dakit zein den idatzi behar dudan musika. Baina hitzak? Ez dut oraindik erabaki.

Paristik Budapestera bazatoz... Moskun zaudela iruditzen zaizu.

Behin, Londonen, BBC-k nire ingeles libururik kuttunena zein zen galdetu zidan. Alizeren abenturak lurralde miresgarrian esan nuen.