hurrengoa
ertz    Ia konturatu gabe dagoeneko 8 urte pasa dira ERTZ jaialdiaren lehen ediziotik. Denbora honetan guztian, aunitz izan dira izen bereko elkarteak Nafarroako Bera herrian antolatu dituen ekitaldiak, eta aunitz ere bertatik pasa diren artistak. Nazioarteko musika esperimentalaren inguruko esperientzia eta praktikei ateak irekiz, baina Euskal Herriko gisako proposamenei begirik kendu gabe, ibilbide iraunkorra erakutsi du orain bitarte Ertz jaialdiak.

2003. urteaz geroztik, Donostiako arte garaikidea bultzatzen duen Arteleku erakundearekin elkarlan sendo bat martxan jarri eta jaialdiari bestelako helburuak gehituz jarraitu du lanean, hezkuntzari eta eztabaidari tartea emanez. Aurtengo edizioan, besteak beste, 3 proposamen interesgarri hauek nabarmendu nahi ditugu:

PhillNiblock & Thomas Ankersmit
Phill Niblock-en lana oinarrian MINIMALISTA da, letra larriz idatzia, hitzaren zentzu klasiko eta zuzenean. Soinu pista ugariz osatutako eta digitalki prozesatutako "drone" mikrotonal monolitikoak osatzen ditu, erritmorik eta melodia garbirik gabeko musika ederra sortzeko. 2004. urtean ERTZ-en bertan bere "The Movement of people working" zinema lan paregabearen zenbait zati ikusi ahal izan genituen.
Alboan Thomas Ankersmit saxofoi jole holandarra izanen du. Azken bizpahiru urteotan elkarlan sendoa abiatu dute.

www.phillniblock.com
www.experimentalintermedia.org

Oier Etxeberria
Akauzazte talde paregabean hainbat urte musika egiten pasa ondotik, eta besteak beste, Amatautv egitasmoen bultzatzaile izan eta gero, berriz ere musikagintzaren inguruan lanean hasi da sortzaile azpeitiarra.

Llorenç Barber
Valenciako Llorenç Barber musikaria, besteak beste, "Taller de música mundana" Europako musika berrien esperientzia interesgarrienetakotzat izendatutako ekimenaren sortzaile, "flatus vocis trio" taldearen egile eta, batez ere, hiriak eta herriak soinutzeagatik da ezaguna. Azken urteotan mundu osoko 150 hiri baino gehiago (Bartzelona, Buenos Aires, Mexiko...) baliatu ditu bere makrokonposizioen musika tresna bezala, kanpaiak, sirenak eta bertzelako soinu iturriak batera erabiliz. Eta hori izanen da ere Beran eginen duena. Herriko zenbait musikarik lagunduta herriko kanpaiak erabiliko ditu musika sortzeko.

8. edizio honetan, berezkoa duen izaera esperimentalari jarraituz, datak eta formatua aldatuko du Ertz-ek: ekainetik irailera pasako da, eta jaialdia, nagusiki, egun bakarrera mugatuko da.