paper the balde
hurrengoa

fotopoemario

joan brossa | chema madoz. la fábrica.

Bi egile hauek berandu baino lehen bat egin behar zuten proiekturen batean. Brossak hitza erabiltzen zuen irudiak sortzeko. Madozek irudiak poesia egiteko. Egunerokotasunetik ateratako objektuentzat izaera berriak asmatzen dituzte. Hitz eta irudi hauek ironia, absurdua eta jolasa dituzte ardatz, baina guztietan sumatu daiteke gauza bera bilatzen dutela: iradokizuna. Efektu poetikoaren bila lan egiten duten bi sortzaile hauen lana batzen dituen liburu hau, irakurlebegiralearentzat opari bat da.

hurrengoa

techno rebelde

ariel kyrou. traficantes de sueños.

Liburua Igor Stravinskyren esaldi batekin hasten da: "talentua duen konpositore batek kopiatu egiten du. Konpositore genial batek lapurtu". Liburu honek Mozart DJ bat izan zela aipatu eta musika-nahasketen artea betidanik existitu dela aldarrikatzen du. Eta hain justu, nahasketa horrek aberastu egiten du musika. Atalen ordez pista ezberdinetan banatu dute liburua, eta iragan mendeko eta mende hasiera honetako musika mugimenduen errepaso didaktiko eta entretenigarria egiten du egileak. Liburuak, amaieran, musika estilo ezberdinen hiztegi interesgarri bat dakar, eta Creative Commons lizentziapean argitaratu dute. Madrilgo amets trafinkanteei eskertu behar zaien altxor bat.

hurrengoa

lupus 2

frederik peeters. astiberri.

Nobela grafiko honen lehendabiziko atala komentatu genuen, eta bigarrena atera dela ere aipatu nahi dizuegu, atalka argitaratzen diren nobela grafikoak nahi baino gehiago luzatzen direlako eta pista galtzeko arriskua izaten delako. Bigarren atal honetan, eta bere lagun minaren heriotzaren ostean, Lupusek Sanaa izango du bidai lagun. Ihesean, etorkizuneko Bonnie and Clide hauek euren izaeran sakondu eta beste behin maisuki erakutsiko digute, etorkizunean espazio-ontziak eta garapen teknologiko izugarriak badira ere, gizakiak berdin sufritu eta maitatuko du, berdin drogatu eta sentituko da.

hurrengoa

surfers

alain gonfaus. editorial zoe

Surf kultura ikuspegi ezberdinetatik jorratua izan da. Liburu honetan surflariei ematen zaie hitza. Interesgarriena, elkarrizketatuen kontakizunak bata bestearekin nola lotzen diren deskubritzea da. Lehendabiziko surf taula haiek lortzeko atzerritarren kotxeetatik "sozializatzen" zituztela... eta beste mila komeria. Belaunaldi ezberdinen kontakizuna bada ere, gure hondartzetako lehendabiziko surflarien istorioek dute xarma, besteenak, egia esan, ez hainbeste. Hala ere, Groseko hondartzako (egun Zurriola) ingurugiroa ezagutzen ez duenarentzat urruneko lana suertatu dakioke.