hurrengoa
soldaduen mendea jon benito   Jean Etxegoien Xabier Montoiak idatzitako "Hezur gabeko hilak" (1999), "Blackout" (2004) eta "Elektrika" (2004) nobeletan bizi da. Esan izan balidate mende berrian biziko nintzena, ikusiko nituena ikusten ditudanak, irakurri egunkarietakoak: esango nuke ezetz, ez dela posible. Esango balidate igande goiz batez egongo nintzela Donibane Lohitzunen, etxeko terrazan gosaltzen itsasora begira, esango nuke ezetz. Ez dela posible. Harrapatuko nindutela segadaren batean nonbait, gurutzatuko nintzela bala galduren batekin. Gustura kitatuko zituzketen nirekikoak askok. Esan izan balidate zaharraren zaharrez aterako zitzaizkidala zimurrak azalean, esango nuke ezetz, ezinezkoa zela. Baina hala da. Hemen nago: negu azkeneko igande goiz bat da Donibane Lohitzunen.
Gerla Handian, David Mandelekin lubakietan nengoela, irudikatu izan banu handik ia laurogei urtera nire burua Biarritzen ilobek gurpildun aulkian ateratzen nautela, Sokoako hondartzatik buelta haizearen bristada aurpegian, urrikalduta joko nuke harea. Oraindik orain “David, David” oihukatzen dut loaren eldarniotan. Gerla Handia, Munduko Bigarrena eta ondoren etorri zirenak hemen dira nirekin oraino. Heriotzak inguratuta ibili zena bizirik oraindik, nahiz eta beleak ikusten ditudan nire gain zirkuluan hegan, aingeruen gisan.
Ez nituzke ahaztu nahi orain artekoak.
Ez nintzela alferrik egon Verdunen, ezagutu nuela nik okupazio garaiko Paris esango nuke harro.
-Irten nintzen bizirik handik!. Ez nuen bururik makurtu!
Kameleoiek bezala jakin nuen egoeretara moldatzen. Samur behar zenean samur, zurrun behar zenean zurrun. Gizon portatu nintzela, zikoitz jokatzen erakutsi zidatela, ez zidatela beste aukerarik utzi esango nuke nire defentsan, esango nuke harro.
Eta Frantziaren patuak Aljeriara eraman zuen semea aitaren lotsa da. Harro behar luke.
Aljeriaren ostean Indotxina. Nork daki noren semeak ibili ziren han. Ze Jean Etxegoien: ez ni, ez nire semea, bai nireak. Ezezagun asko ibiliko ziren zerua goian, lurra behean, mitrailetak eskuan. Frantziaren alde? Ipurdia onik ateratzeko nahikoa lanekin!. Cartier sargentaren halako zenbat zoratu begiak otso moduan gorrotoz horituak.
Zenbat Gerla Handi, zenbat txiki. Egunkaria zabaltzen dudanero ikusten ditut basqueak. Apenas egiten diedan kasurik: ez nintzen alferrik egon harategi handienetan. Bi hil direla. Eta? Hamarka kalitzen genituen arrats bakar batean miramendurik gabe. Torturatu egiten dituztela? Elektrikarekin joaten ikusi zituen ene semeak hainbat.
Oraino bakea itxaroten dute? Inozoak.
Postontzian jaso ditut hiru liburu: ez bat ez bi. Ez esan ez denik harrotzeko modukoa, ez esan ez denik hunkigarria. Bat, bi, hiru: semeaz, nitaz, gutaz. Xabier Montoiaren gerraren antze den trilogia hau.
Ez esan ez denik beldurgarria, bizitzea suertatu zitzaigun soldaduen mendea.
Orain, mende berriaren seme-alabok, begiratu ene begiak eta esan ze guda zelai ikusten duzuen bertan.