hurrengoa
fugu erruleta    Fugu arrainak (Fugu rubripes), bi defentsa mekanismo erabiltzen ditu. Batetik, etsaiak uxatzeko, puxika baten moduan puzten da. Nahiko arrakastatsua izaten da babes teknika hau, baina galtzen duenean ere, irabazten badaki fugu arrainak. Gorputz osoa pozoi glandulaz hornituta duenez, etsaiak jaten duenean, bere heriotza mendeku bihurtzen du.

Japonian fugu arraina jateko, ziurtagiri berezia duen jatetxeetara joan beharra dago. 10 bat urte ematen ditu sukaldari batek fugu arrainak dituen pozoi glandulak lehertu gabe, haren anatomia mozten ikasten. Hauetako pozoi poltsatxo bat lehertuz gero arrain guztia kutsatu eta jaki hilgarria bihurtzen da. Fuguak duen tetrodotoxina pozoia liseriketa aparatura iristen bada, jan berri duzuna zure azken afaria izateko % 60ko aukerak dituzu. Japoniarrek fugu arrainaren zapore eta testura maite dute. Baina gehiago maite dute gastronomia eta heriotzaren arteko jokoa. Fugu erruletan jokatzea hala ere ez da hain arriskutsua. Gutxi dira pozoituta hiltzen direnak. Hala ere, fugu jatetxe batera sartzen bazarete, ez ahaztu japoniar askori kanpotarrak (gainjin) ez zaizkiela gehiegi gustatzen...