hurrengoa
street zinema 2005: irailak 28 - urriak 02    Aurtengoa 2. edizioa da. Horrek esan nahi du lehenengoak arrakasta izan zuela. Asko hazi al da zinemaldia?
Hasteko esan arrakastak eta honen irakurketak, maila eta onarpen ezberdinak izan ditzakeela... beraz iruditzen zaigu jaialdiaren lehendabiziko edizioa -aurrekontu murritza kontutan hartuta- lehendabiziko urrats garrantzitsua izan zela eta ikasi eta esperientziak trukatzeko bide luzea ireki izana espero dugu. Egia esan oso gustora geratu ginen pasadan urteko emaitzekin, batik bat gure kolaboratzaileen esku zabaltasuna eta laguntza ikusita, eta horrek, aurten, 3 kontinenteetako (Hego eta Ipar Amerika, Afrika eta Europa) bideoegile ezberdinekin kontaktuan jartzera bultzatu gaitu. Bideo independenteak eskainiko ditugu (hau da, ez dira sektoreko enpresen zinta promozionalak) eta hauetan New York, Berlin eta Madrid bezalako mendebaldeko metropoli eszena ikusi ahal izango da. Gainera kalitate izugarria duen "Villa Villa Cola" nesken kolektiboak eginiko bideo bat ere badugu eta Eslovenia, Argentina edo Hego Afrika bezalako herrialde "exotikoetatik" iritsitako lanak ere badira.

Bideo proiekzioetaz gain... bideo tailerrak antolatzen dituzue... interaktibitateak garrantzitsua izan behar al du halako ekimenetan?
Amarako Ernest Lluch Kultur etxearekin kontaktua egin eta bideo domestikoak auto editatzeko tailerra antolatzea deliberatu genuen, teknologia semi-profesional honek modu merke eta erabilkorrean gauzak egiteko aukera ematen duelako (bideo digital bat, objektibo irekiak eta ordenadore portatila nahikoak dira). Kultur etxe hau aukeratu genuen Anoetako skate parketik oso gertu dagoelako. Bertan ibiltzen diren 13-20 urte bitarteko gazteei eskaini nahi diegu. Instituzioak jabetzen dira sormen handiko jende askok ihes egiten diela ( euren zerbitzuak erabiltzen ez dituztenak) euren proposamenak askotan ez dutelako batere irauten... adibide polita da iazko udako Representa04 graffity edizioa: Antolatzaileak mugimenduaren ukitu artistikoa bilatzen bazuten ere (pintura erakusketekin eta itxura eskaseko pareta batean eginiko murala adibide) eta aipatutako kultur etxearen laguntza bazuten ere, ezin izan zuten Bella Easoko alkate errepikakorraren debekua saihestu eta ekintza honen jarraipena bertan behera geratu zen.

Programan patinatu daitekeen eskultura baten proiektua ere aipatzen duzue eta horren atzean dagoen kalearen inguruko hausnarketa oso interesgarria iruditu zaigu... kontaiguzu zerbait honen inguruan.
Guzti hau pasadan udazkenean Winstan Whitter ingelesarekin kontaktatu genuenean hasi zen. London inguruneko skatearen historiari buruzko dokumental interesgarria egin zuen (“Rollin’ trough the decades”). Bere web orrian "Moving Units" izeneko proiektura lotura zuela ikusi genuen. Proiektu hau, London hirian, hanhemenka patinatu daitezkeen eskulturak jartzean datza ( altzairu urbanoarekin antza handia duten eskulturak). Beranduago Kingpin Skateboarding Europan artikulu itzel bat irakurri genuen eta gauza bera egitea deliberatu genuen. Proiektua oraindik garatzen ari gara baina asmoa granitozko modulu bat erosi (jendea esertzen den horietakoa), Donostiako Kursaal aurrean dauden modukoak edo Bilboko Guggenheim museotik gertu dagoen Uribitarten dauden modukoak. Gero espazio publiko batean jarriko genuke, kamuflaturik, modu horretan skater-a bertan patinatzen harrapatzen badute, berehala esan dezake aitzakia gisa berez ilegala den eskulturabatetan patinatzen ari dela. Santiago Cirugeda Sevillako arkitekto apurtzailearen influentzia izan genuen legeak dituen zirrikituak bilatu eta erabiltzerako orduan hiritar anonimoen pozerako.

Artelekun ere jardunaldia antolatu duzue skatea eta artea uztartuz....
Hala da. Aurtengo jaialdia uztailaren 28an hasten da, goizez, Artelekuko hitzaldi aretoan. Prentsa aurreko batekin hasiko gara eta gonbidatu garrantzitsu batzuekin: Alemaniako "Hessenmob skateboardstik" datorren Christian Roth (eguerdian erakutsiko dugun skate-art kontzeptuaren inguruan "Mobernist" izeneko dokumentalaren egilea), Carlos Purillo bilbotarra ere izango da, Euskal Herriak nazioartean duen konpainiarik esanguratsuenatik datorrena (Alai skateaboards) eta Iraola anaiak, Europan aintzindariak izan den mugako Jart faktoria irundarrekoak.
Gonbidatuentzat gune egoki eta eroso bat sortu nahi dugu skate munduan bideoak duen garrantziaz egingo zaizkien galderei erantzun dezaten. Hutsune handia dago skatearen ekoizpen kulturalean eta horregatik erabaki dugu honi erreparatzea dokumentu bideografikoa oinarri hartuta... zeinak informazio atletiko, estetiko, urbano eta antropologiko ugari eskaintzen duen. Sesio eta bideo proiekzio guztiak muxutruk dira, the balde, beraz bertan ikusi nahi zaitugu!!!