hurrengoa
atera nazazue hemendik!    bahiketaren estetika ikus-entzunezkoetan Nahi izanez gero, orriak eta orriak idatz ditzakegu bahiketaren ikus-entzunezko estetikaz. Baina hau ez denez beka edo dirulaguntza eskuratzeko memoria bat, labur eta zuzen azalduko dugu. Lastorik gabe.
Alderdi tekniko eta estetikoari dagokionez badira beti errepikatu eta zaintzen diren hainbat ezaugarri. Atzealdea ahalik eta neutroena behar du. Ziurtasun neurri logikoa. Gehienez, bahiketa egin duen taldearen ikurra azaldu behar da, baina ez da ikur horren materiala ongi ikusi behar pistak ez ematearren. Irudiak testura zikina behar du. Horretarako kamara domestikoa erabiltzen da. Arrazoia sinplea. Kamara orok, filmatzean, kodigo modukoak uzten ditu kasete edo zintetan. Kamara domestikoen kopurua profesionalena baino askoz handiagoa da eta ia ezinezkoa egiten du bide horretatik pista jarraitzea. Objektibo ertaina edo zabala erabiltzen da. Toki txikietarako aproposa eta gainera, argiztatzearekin lagunduta, bahitua desitxuratu eta aldarte txarrean azaltzeko baliatzen da. Garrantzitsua da bahitua muturreko egoera batean dagoela argi uztea. Alor teknikoaz gain, garrantzitsua da irudiaren estetika. Bahiketak, mugimendu eta dinamismo gutxiko irudia eskatzen du. Estatikoa behar du. Kontuan izan behar dugu, irudiak mundu osoko telebista albistegietan bota behar dituztela. Bahitzaileek ongi dakite zenbat balio duen segundo bakoitza telebistan. Fondo eta bahituaren arroparen kolore kontrastea bilatu ostean ezinbestekoa da bahituak bere mezua botatzen duenean ongi zentratua eta ahalik eta geldien egotea.
Bahiketaren ikus-entzunezkoen estetika horrek zer bilatzen du? Argi dago. Mezua zabaldu eta hartzailearen barruak nahastea. Ondorioz, bahituaren bakardade, ezinegon eta babes eza nabarmentzen da. Bahitua izaki menperatu eta anulatua da; bere bizitza eta akzioen jabe ez dena. Estetika horrek, bahitua objektu bihurtzen du, enkante batean jartzen den portzelana txinatarraren pare. Bahiketaren estetika bat existitzen denaren froga garbia egunero telebistan ikusten dugu. Bahituaren erregu eskakizun estetika eta "reallity show"-etako partaideek nominazioa egin behar dutenean ageri dena igual iguala da. Aurretik aipatutako objektu bilakatzea bi kasuetarako balio du, nahiz eta askatasun maila ezberdina izan, jakina. Baina bai teknikoki eta estetikoki (etikoki ere gero eta gehiago... baina hau intelektualen eskuetan utziko dugun eztabaida da) bi "bahitu" mota hauek berdin berdinak dira.