hurrengoa
goggomobil uxeta labrit   I  mireia Mungiatik alde egin behar genuen. Agudo. Autoa arrankatu eta handik atera behar gintuen errepidearen bila hasi ginen. Guztia planeatu genuenean ez genuen pentsatu tarteka kaleak itxi egiten direla estolda berrikuntza lanak egiteko. Buelta eman eta herriko kaleetan barna abiatu ginen. Galduta. Izerditan. Norabiderik gabe.
Egoerak ez zuen itxura onik. Kotxea aparkatzea erabaki nuen. Ateak ireki, fite jaitsi eta taberna baten bila hasi ginen. Urrutian sirena doinuak entzuten ziren. Kalearen kontrako ertzean "Bar Tender" zioen kartelera joan zitzaizkidan begiak. Begien atzetik oinak. Bat batean hotsik gabeko sirena zeraman ertzaintzaren kotxe kamuflatu bat azaldu zen gure aurrean. Paisanoz jantzitako ertzaina bi jaitsi ziren autotik eta gure parean jarri ziren.
- Arratsalde on -esan zigun bortizki altuenak-.
- Arratsalde on -ahotsa epel mantenduaz-.
- Jakin al daiteke zertan zabiltzaten hemen?
Tentsioa. Haiek gu bezain urduri zeuden. Begietara begiratzen ziguten eskua jakatik atera gabe.
-Goggomobil – esan zuen Mikelek –.
-Zer? – erantzun ertzainak –.
-Goggomobil... Ikusten horko kartel hori? Kotxe hori Goggomobil bat da. Mungian egina. Hemen jarri zuten 1957. urteko urtarrilaren 22an Goggomobila egiteko fabrika: Munguía Industrial, S.A. (Munisa). Bavierako Hans Glas Gmbh fabrikatzailearekin akordioa lotu ostean Goggomobil T250 modeloa egiteko lizentzia lortu zuten. Formatu txikiko kotxe hauek, 50. hamarkadan, herri xumeari garraiobide propioa eskaintzeko fabrikatu ziren. Gaur egungo kotxeak egitea baino zailagoa zen mikroautoak egitea. Berez, pisu, potentzia, espazioa eta ekonomiaren arteko oreka perfektua lortu behar zelako... eta Goggomobilak lortu zuen. Plastikoa, oihala eta kartoia bezalako material merkeekin egiten ziren. Ingenieritza altxor txikiak dira. Alemanian, Australian eta Bizkaiako herri honetan soilik egin ziren eta RDAn gerora hain famatuak egin ziren Trabant autoek Goggomobila izan zuten eredu.
-Bale, bale ondo da... baina hobe duzue kontuz ibiltzea... bankuan atrako bat izan berri da eta susmagarriak inguruan dabiltza - ertzainak-.
-Bai, bagoaz...

Miguel kopiloto kaskarra zen, ez zuen apenas lagunik eta atrakatzaile gisa ere ez zuen asko balio. Miguelek tokea zuen, trumoia, elektroniko hutsa zen, baina Miguelen "zera" horrek salbatu gintuen goiz hartan.