hurrengoa
LUBEaren azken bidaia (1958) odlok   Argia eta eskubi ispilua izan dira hausten lehenak. Ziurrenik eskulekua ere okertuko zen. Gurpila oraindik bueltaka dagoela entzuten dudanez, katea aterako zen fijo. Dozena bat radio ere txikituta, ziur, eta gasolina depositoa mailatuta... baina Lube bat da. Beste edozein motorra burni meta egina legoke halako muturrekoa hartu ostean. Lubea ez. Ez da igualik munduan. Alemanen NSU motorren diseinua baina Bizkaian egina. Kurbako harri solteengatik izan ez balitz...
Errepaso ederra eman diet Urkiolan behera... "Alto a la Guardia Civil!" Bultaco kaskar horiekin nire Lubeari alto?... Alto a tu puta madre! Azeleragailua topera estutu eta Lubearen ipurdia besterik ez dute ikusi jaitsiera osoan. Kurbako harri solteengatik izan ez balitz...
Labaindu eta izterra asfaltuaren kontra erretzen ari zela sentitu dudanean konturatu naiz ederra hartu behar nuela. Errepidetik atera eta zuhaitz honen kontra jo dudanean soltatu dut eskulekua. Ez ditut hankak ez besoak sentitzen. Eztarriko putzuak gainezka egin behar duela dirudi. Goardia zibilen ahotsak gerturatzen entzuten ditut. Baina ez naute harrapatuko. Tunel beltzaren muturrean argia ikusten hasi naiz...