• 1
  • 2
hurrengoa
"jarraitu zure izpirituaren aginduei" angel aldarondo   “Pasioak ez dira sekula aspergarriak; pasiorik gabe, tenteldu egiten gara.”
(Stendhal)
Zine-aretoak betidanik bete izan du babes-eginkizun bat, ordu eta erdiz errealitateaz isolatzeko modu erraza. Bere aldare orbangabean irudipenak zinemaskopen bihurtzen dituena, kristoren soinuarekin, krispetak Jainkoen anbrosia eta koka-kola elixir (del pita humbo) bilakatzen diren tenplu ia mitikoa.
Indian, erritu hori, erro sakonagoak dituen herri-sentimendu bat da. Indiako biztanlea munduko zine zaleena dela esan daiteke, edo zinefagoena behintzat. Milioika indiar joaten da egunero zine-aretoetara bere opio-dosia masala moduan jasotzera: kolore askotako musikal zaratatsuak, glamourrez betetako istorio zirraragarriak, exotismoa, tradizioa, akzioa, musika eta dantza. Hori guztia amaiera pozgarria duen istorio polit batean bildua: mutila neskaren bila dabil eta azkenean aurkitzen du, gaiztoak garaitzen ditu eta gizarte-ordenak iraunaraztea lortzen du.
Hori da Masala generoa (mendebaldean Bollywood), alegia, Bombayn beren star-system propioarekin egiten diren filmak. Gertakari aparta da. India dugu herrialde bakarra (AEBez gain) kontsumo nazionalerako bakar-bakarrik erabiltzen diren superprodukzioak arrakastaz filmatzen dituena. Sekulako onarpen horren jatorria sentimendu ultra nazionalista bat da (ikas dezatela gabatxoek, beren kuota barregarriekin), istorio propioen irrikaz daude bertako herritarrak, euren parekoak diren protagonistak nahi dituzte, beren sentitzeko modua islatuko dutenak. Gertakari horrek eraginda, Bombay munduko zinemaren “meka” bihurtu da, eta urtean 1.000 film inguru ekoizten dira bertan, Hollywood-eko ekoizpena baino bi aldiz gehiago.
Film hauek lehenengo film haien egiturari eta gaiari bere horretan eusten diote, baina neorrealismo italiarraren eragina baztertzen eta Indiako epika-dosia (mitoen balentriak) murrizten joan dira pixkanaka. Nazioartean izandako lehen arrakasta 1955. urtekoa da, Indiako zinearen maisu-lan bihurtu zen “Pather Panchali” filma hain zuzen. Laburki, ikusleek ikusi nahi dutena eskaintzen dute Indiako estudioek, handigurarik gabe, pasioei amore emanda, besterik ez. Aztienek iragartzen dutenez, genero honek mundu osoa hartuko du mendean, alderantzizko globalizazio baten moduan. Egon lasai, hori ezinezkoa da-eta. Mendebaldearen begietan, zine hori kitsch azpiproduktu bat da, erritmo frenetikoa eta aktore groteskoak dituen zatarkeria zaharkitu bat. Gehienez ere, buru bizarroa dutenei zuzendutako pasadizozko moda bihurtuko da. Oraingoz, zine-mota hori parodiatzen duen izenburu yankia “El guru del sexo” (2002) da, cocacolaren spotaren inspirazio iturri izan zen petralkeria. Baina masalaren iturrietatik gehien edan duen izenburua “Moulin Rouge” (2001) dugu, bertako azken musikalean egiten dion omenaldi nabarmena kontuan izanik. Kulturen artean dauden aldeak alde batera utzirik, Bollywoodek eta Hollywoodek antza handia dute, baina aurrekoaren izpiritua puruagoa, jarrera askeagoa eta muturrekoagoa da emozioei aurre egitean, ikuskizuna sortzean, zirrara eragitean.
Mendebaldeko aspertuenak ere batzuetan pasioaren sareetan erortzen gara. Artikulu hau idazteko asmotan nenbilenean erori nintzen ni. Dokumentatu baino lehen, Yolandari apustu egin nion baietz Hollywoodeko ekoizpena haren kopia asiarrarena baino handiagoa izan. Hurrengo egunean apustu bera egin nuen Gorkarekin. Artikulu hau irakurtzen dutenean jakingo dute apustua irabazi dutela: bina afari Urepelen. Zorionak asmatzaileei.