hurrengoa
retro bidaiak    dirty martini filma

Iban del Campo-ren dokumental eder honek, Dirty Martini eta bere mundua ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Orainaldia eta iraganean zehar bidaiatuz bizi den artista maitagarri honi eginiko erretratuak, underground kutsuko jarduera artistikoaren aurpegirik aske, dibertigarri eta egiazkoena erakusten digu. Ikusteko aukera izanik... ez galdu

retro bidaia

Hemen naiz. Gau euritsu baten erdian, Londoneko bazterren batetan, etxe atzeko alde ilun batetan botata. Hilik.

Grind a Go Go! Burlesque show lizun bat ikustera etorri naiz.

Annettetekin egotera etorri naiz, eta orain, jokoa amaitu da.

Baina nireak guztiz egin aurretik, itzul gaitezen Burlesque-ra eginiko bidaia hiltzaile hau hasi zen tokira. Iazko udan New Yorkera egindako nire lehen bidaian ezagutu nuen Burlesque-a, kasualitatez. Zinegile independente euskalduna naiz eta denboran bidaiatu izanaren sentsazioa nuen ametsetako hiri hartan. Urteetan zehar makina bat pelikula filmatu da kale hauetan... New Yorken, jet-lag amaigabe baten sentsazioa nuen (hegazkinera igotzeko beharrik gabe), Nire garuna bueltaka zebilen, zentzumen gaindosi batetan galdurik nengoen eta egoera hura atsegin nuen.
Beraz, gau batean, bertako lagun batek Brooklyn auzoan dagoen Galapagos arte gune eta show berezien egoitzara joateko proposamen egin zuenean, jauzi egin eta ateratzeko prestatu nintzen. Bat batean nire lehen Burlesque show-a ikusten ari nintzen. Supitoki harrapatuta nengoen. Artistetako batek, Felliniren zuri beltzezko pelikula batetatik aterata zirudien. Haren zuzeneko emanaldiarekin burua galdu nuen. Super 8 formatua zuen flashback-a zen. Jantziak, musika, objektuak, eskenatokia, hizkera... txundituta utzi ninduen. Taupadak azkartu egin zitzaizkidan. Eta ez dakit ziur nola gertatu zen baina une horretan jakin nuen kreatura harekin egon behar nuela eta nolabait, ikusi berria nuen guzti hura film batean gorde behar zela.
Ikuskizuna amaitu zenean eta tabernako barran "mandoeuliz" inguratuta ikusi nuenean, hurbildu eta pelikula bat egitea proposatu nion. Eskenatokian ikusi berri eta liluratuta ninduen kreatura basati hau Miss Dirty Martini zen, nazioarteko burlesque izarra eta "burlesque-aren gorputzik ederrena" ezizenez ezaguna.

Baietz esan zuen. Nire bihotzean taupada batek txandapasa egin zuen.

Eta filmaketa hasi zen. Dirty-k, New York-eko klub famatuenetara eraman ninduen, Lower East Side auzotik hasi, off-Broadway-ekoetatik pasa eta Coney Island-ekoetan amaitu arte. Bere Burlesque munduko "familia" ezagutzeko aukera izan nuen; Tigger!, Bunny Love, Legs Malone, World Famous BOB, Jo “Boobs” eta Nasty Canasta batzuk aipatzearren...beti pentsatu dut seinale ona izaten dela zerbait hitz bakarrarekin definitu daitekeenean, baina burlesque hitzak, maila gorenago batetara eramaten gaitu... hau da defini ezina definitzeko nire saiakera: Burlesque-a, edo nik aste haietan ikusi nuena behintzat, fetitxismo ukitua, amerikar kabaret popularrarekin eta bodebil antzerkiaren itxura eta 50. hamarkadako pin up-en erotismo naif jostalariarekin osatutako retro-striptease sofistikatua da.

Arnasarik gabe geratzen naiz pentsatze hutsarekin.

Eta nahikoa ez balitz, neo-burlesquea ere existitzen da. Burlesque tradizionalari barruko arropa ikusgarriak, yakuza estiloko tatuajeak, sadomasokismo tanta batzuk eta post-femisnismoa nahastean ateratzen dena da. Guztia bateratu eta entretenimendu bizarro gisa aurkezten da.
Dirdira eta heriotza esango nuke...nire bidaia hau nola amaitzen den gogoan badugu behintzat...
jarraipena: