hurrengoa
munduaren lehenengo goiza felipe apaletegi   I  felipe apaletegi Hegazkin batetan nago. Misil batean. Jende guztiaren gainetik noa. Gora. Beti gora. Ez dut gehiegi ikusten. Nire oroitzapen eskasen artean nabigatzen noa zentzu gehiegirik gabe. Nire azken eguna da. Azken sentipenak. The bends jarri dut, ozen, burua minduta, irakiten hasi arte. Desagertu arte. Orain dela urte asko, iruditzen zait, orain dela mila edo bi mila urte etorri naizela mundura, gure munduan dagoen zati txiki eta ureztatu honetara. Giltzak bilatu ditut. Ez ditut aurkitu. Hesi gainetik salto egin beharko dut.
Alokatutako apartamenduaren sarreran nago, hesiaren ondoan. Sartu ezinik.
Iñaki eta Xabier izatekotan ziren.

Hesia salto eta apartamenduan sartu. Hori da plana. Zap!... strek!. zap, zap, urrf! Zap. Plok! Surf taulak hor daude. Olaturik gabe dago itsasoa, edo hori suposatzen dut. Laurak. Lau ekarri genituen Guadalupera baina hiru bakarrik erabili ditugu. Iñaki-rena puskatua zegoen. Erreklamazio bat egin beharko diegu airfrance-ekoei. Apartamendutik gora eta behera joanez ez dut ezer ere sumatu. Iñaki eta Xabier ez daude hemen. Bi edo hiru aldiz egin didate jokaldi bera. Goizean goiz jaiki egiten naiz gosaltzera, beti leku berdinera. Drogazale amorratu eta alkoholiko sistematiko, beltzaran ludopata eta ketaminari engantxatutako jendez gainezka dagoen okindegi batetara. Beraiek frantsesa bakarrik dakite eta nik, egia esan, ez ditut kontzeptu eta gramatika galoak menperatzen. Guadalupe irla, frantses kolonia.

Dutxa freskagarri bat hartu eta siesta egingo dut. Gutunazal bat da. Izkina batean dago. Attention Philipp. Berriz ere nire lagunak tontoena egiten. Ireki eta frantsesez, Iñakiren frantses angoleño horretan supermerkatura joateko jartzen didate. Dutxatu, kalera atera eta supermerkatura abiatu naiz. Han beltz txiki eta irrikor batek kaixo esan dit eta apur bat itxaroteko. Izkinatik beste beltz txiki eta argal bat etorri zait, begietara begira, beste paper bat eman dit frantsesez. Ez dut ezer ulertzen. Azkeneko beltzak, hertzean dagoen etxe batera joateko esan dit, egin dudanarengatik erantzuteko. Erantzun? Zer egin dut? Hala ere banoa etxe horretara. Pentsio bat da. Han beste gizon bat dago, eta Philip bezala ezagutu nau. Bai, ni naiz. Zure gauzengatik erantzutera zatoz. Aurrera. Etxean barrena sartu naiz. Tailer bat da, Stephan-ek arrazakeriarik ez zegoela esan zigun. Eta... beno... beltzak ez dute zuriekin hitz egiten, ez dira erlazionatzen. Alde batera uzten dituzte/gaituzte.
Gizon bat aurreratu zait, egin dudanari buruz erantzutera natorrela esan dit. Nik baietz esan diot, zer demontre izango da tontakeri hau?
Ondoan dagoen gelatxo batera sartu naiz, ukuilu bat dirudi. Han ikusi ditut Iñaki eta Xabier.
f.-Baino...
x.-Non sartu zarete?
f.-Apartamentuan.Eta zuek?
i.-Ni kaña bat hartzen nengoen eta neska batek hona etortzeko zioen paper bat eman dit.
x.-Ni postetxean mutil batekin hasi naiz hizketan eta medikuan paper bat neukala esan dit.
f.-Hemen dagoen norbaitek zerbait egin du? Ez dakit; Zerbait? Esan dezala oraintxe bertan. Drogak? Neskak? Musika? Edozer.
Gizontxo txiki bat sartu da ukuiluan. Ateak irekita daudela esan digu, nahi badugu joateko. Orduan beste beltzaran handi eta potolo bat sartzeko esan digu, eta tailerrean barrena sartu gara. Han bost gizon zeuden ikastolako mahai batzuen atzeko aldean.
Eseri egin gara. Handiena jaiki da. Bibotea dauka. Minutu bat egon da isilik. Bai...

- Felipe Apalategi, Iñaki Bandres, Xabier Illarramendi...
- Bai -esan dugu hirurok-.
- Zuen portaeragatik erantzun beharko duzue.
Ofizialki, Dresson-ko mankomunitateak eta frantses estatuak espediente bat ireki dizue. Zure alboan dagoen gizon hau zuen abokatua da.
-Ez al da tabernan lan egiten duen hamahiru urteko mutil argal eta tristea?
-Ez. Zuen abokatua da.
-Non dago kontsulatua? edo gobernuko norbait?
-Ez dago kontsulaturik.

Hegazkin baten gainean nago.Misil batean. Jende guztiaren gainetik noa. Gora. Beti gora. Ez dut gehiegirik ikusten. Ez dut ezer ez sinesten.
Bibotedunak epailea dela dirudi, baina daukan itxura eta arropak ikusita, modu arraroak ditu epailea eta epaitegi bat izateko. Fiskal, edo funtzionario lanak egiten duen mutilak okindegian lan egiten duena da. Bera da. Espedientea hartu dugu. Ateak irekita utzi dizkigute. Denak joan dira bere etxe eta lanetara.Hemen gelditu gara tonto aurpegiarekin. Hemen gaude zer egin jakin gabe.

- Goazen edo zer?
- Ea irakur dezagun espedientea. Prozesu bat da. Irakurri dezagun.

The bends.

Espedientea:
Espedientea nº 123.477.988.

Jean Pier Doménech. Muga polizia.

Xabier Illarramendi.
Felipe Apalategi.
Iñaki Bandres.

Destination: Guadalupe irla.
Zertara: Surf egitera
Gauzak: Hiruen artean lau taula.
Besterik: Konportamendu arraroa.

Inspekzioa eta jarraipena.

Clodine Yeloba. Etxe jabea.
Portaera normala egunean zehar. Astelehenean ailegatu dira Stephan ekin, Biarritz-ko mutil batekin. Bi aste igaroko dituzte. Dena ordaindu didate lehen egunean. Surf taulak dituzte, lau poltsa dira. Agerian, normalak dirudite. Egunero atera dira bueltatxo bat ematera. Petankan ibili dira eta garagardoa edaten. Berandu bueltatzen dira. Batzutan erdi mozkor. Surf egitera joaten dira egunero, Le Mule-ko hondartzara normalean. Musika gustoko dute. Sade, Al Green eta espainiar musika jasangaitza jartzen dute . Ez dira herriko jendearekin erlazionatzen. Neskak ez dituztela gustoko dirudi. Goizean okindegira joaten dira zerbait gosaltzera. Etxean afaria egiten dute normalean. Txistorra usaina dauka etxeak batzuetan. Ez dira probak aurkitu.

André “pelo nancy” portier.
Egunero etorri dira surfa egitera. Le Mulen egon dira normalean. Hamar egunetan egon dira hondartzan, bi bainu egin dituzte egunero. Bi egunetan itsasoa handia zegoen. Harkaitz hondoko olatuak.
Xabier izena duenak, inongo irizpiderik gabe botatzen da olatu tubero guztietara. Beste biak barrezka lehertzen dira nahiz eta arriskutsua gertatu euren portaera. Gaztari buruz hitz egin dute. Bi alditan behintzat bai. Ez da olatuen denboraldi oso ona izan, baino lau egunetan behintzat egin dituzte bainu dezenteak. Korronte asko egon da egun guztietan.

Norah Fawncy. Neska ingelesa.
Egia esan hasieratik portaera gutxi gora behera normala izan da.
Musika gustoko dute, baino ez dute gehiegi dantzatu. Txankletetan doaz beti, eta bi alditan ikusi ditugu garagardoa edaten. Nire lagunek ez dakite neskak gustoko dituzten edo euskaldunak diren. Ez dira jendearekin erlazionatzen. Sagardo botila batzuei buruz hitz egin dute. Txistorra nahi badugu hartu esan digute. Ostegunean, ekialdean dagoen hondartzara joan dira, eta igeri egin eta gero garagardo batzuk hartu dituzte. 4 ordutan 23 garagardo hartu ondoren, erabat mozkor bueltatu dira etxera.

Ahmed Sebastián. Okindegiko lanak.
Portaera normala. Garagardo batzuk hartu ditugu elkarrekin. Asteartean afari bat egin behar dutela diote. 12 bat gonbidatu gutxi gora behera. Afarian gaudela txistorra eta gazta atera dute. Txistorra zela ohartu gabe bi ogitarteko jan ditut. Sagardoa eman diote neska finlandiar bati, mozkortzeko asmoz.

-Hau al da guztia?
-Non dago arazoa?

The bends.

Gizon biboteduna sartu da ukuilura. Mantal bat dauka jarrita, eta nire lagunak berarekin daude. Bat batean niregana etorri da abiadura bizian. Eskuak eta burua estutu dizkit. Zaplasteko bat, bi. Garrasika hasi da. Beste bi. Nire lagunak barrez lehertzen dira. Amaia azaldu da, Guillermo, Xabier, Andrea azaldu dira, Borja, Iñaki... Urdaneta ikusi dut. Sebastian Cohe ikusi dut korrika nire alboan. Laika txakurra ikusi dut. Walessa. Argi eman diot Lech-i eskua. Urduri nago. Jean Paul Gaultier ikusi dut. Amaia agertu da. Gora noa. Beti gora. Gelditu gabe. Eta nire bizitza igaro da guztion aurretik. Inork ez du laguntzen. Zer egin dezaket? Gora noa. Beharbada goregi denbora gutxiegian. Izerditan nago, bizitzaz lehertuta, guztien gainetik, denboraren aurretik.
Une honetan, sumatu gabe, ideia supersoniko bat bezala, zutaz oroitu naiz, ospitaleko ohe txiki eta estu honetan. Nire mundu honen lehenengo eguna.

The bends.

Lehenengo goiza.