egun on, nire Vietnam sentimentala odlok / eƱaut agirre
irudia
Egun on nire Vietnam sentimentala esan zenidan behin... beno, ez zenidan esan, alde egin zenuenean paper batean utzi zenuen idatzita, esnatu orduko irakurri nezan...
Egun on nire Vietnam sentimentala...
Grazia egin zidan eta irribarre egin nuela onartzen dut, nahiz eta minak piztutako umore mikatzaz idatzita zegoela jakin. Ordu batzuk lehenago, gauez, oihan bihurtu genuen ohean, sarraski hura, txikizio sentimental hura gauzatu genuen.
Gerra hura ez zuen inork irabazi. Ez du inork irabaziko. Benetako gerretan bakea ez delako posible. Orain, oroitzapenen mamuarekin, hondartzan marrazten dudan zure erretratu iragankorrari begira egoten naiz. Atzerriko ez leku honetako zeru urdin eder eta ikaragarri honen estalpean. Egun on nire Vietnam sentimentala...
Esan didaten gauzarik politena utzi zenidan idatzita goiz hartan.
Egun on nire Vietnam sentimentala...
Grazia egiten dit oraindik, eta minak eragindako umore mikatzaz egiten dut irribarre.
Egun on nire Vietnam sentimentala...
Tarteka, esnatzerakoan, maindireetan zure ausentziaren napalm lurrina usaintzen dut.