audio asier leoz
hurrengoa

SONIC YOUTH

Sonic nurse · Geffen

Ados. Ez da horren zaila kantu onak egitea. Baina zergatik iristen ote naiz ondorio horretara Sonic Youth lan berri baten aurrean eta ez beste hainbat kasutan? Esate baterako: “Stones”, bosgarren abestia. Bateria taupada leunak eta gainetik gitarra soil bat. Beste nonbait, beste noizbait jasoa genuen riff hori, edo hori ematen du behintzat, baina berdin dio. “Sonic Nurse” honek Kim Gordon du abiapuntu (“Pattern Recognition” izenekoan,The Velvet Underground eta lehen -eta azken- urteetako PJ Harvey gitarra labankadekin urratuaz) eta “Peace Attack” goxo eta era berean desesperatuan amaiera. Tartean dagoen guztiak balio du, baina batez ere azaleratzen digu gaur egun Sonic Youth mamuaren eragina ondoen jaso duen taldea Sonic Youth bera dela. Urte askotarako.

hurrengoa

THE CURE

The Cure · Geffen

Azken urteotako The Cure taldearen disko berri bakoitzak azkena izango zen susmoa zekarren. Robert Smith-en adierazpenek eta gonbidatu moduan beste artisten diskoetan egin izan dituen lanek susmo hori indartu baino ez zuten egiten. Baina antza denez, taldea ez da amaitu edo izatekotan, gu ohartu gabe amaitu eta berriz hasi da hutsetik, aspaldian ez bezain arnas berrituta azaltzen zaigu eta bertan. Aurreko lanetako ornamentazio gotikoak alde batera utzi eta ondorioz aspaldiko diskorik onena atera zaie, 80ko hamarkadako euren obra handienen apal berean jar daitekeena. Espero dezagun kantu berriak aintzat izatea euren kontzertuetan taldeak betidanik izan duen zuzeneko zurbilari (Benicassim 2002 adibidez) kolore pixka bat emateko.

hurrengoa

THIEVERY CORPORATION

The Outernational Sound · Eighteenth Street Lounge

Egia izango da azkenean. Rob Garza eta Eric Hilton entzule hobeak dira musikari baino. Selekta bezala ez daukate preziorik, “Songs From The Verve” hartan erakutsi zuten moduan jazz zigilu basikoaren barrenak arakatuz. Oraingoan ere kantu aukeraketan dago disko berriaren distira euren erremix lanean baino. Denak ematen du organikoa hemen, elektronikak leunki busti badu ere. Patrick Süskind idazlearen Grenouille horren antzera, inguruko sudurrik finenak dituzte eta beste askori goxo eta sofistikatuak gertatzeko ahaleginak naif aspertuan desegiten zaizkien bitartean eurek elementu bakoitzaren proportzio egokia aurkitzen dute segundu batez munduan bakarrak diren usainak sortuaz, eta gainera ematen du erraz egiten dutela.

hurrengoa

FRANZ FERDINAND

Franz Ferdinand · Domino Records

Hitz konposatuen momentua: Franz Ferdinand austrohungariar artxiduke bat izan zen eta bere hilketa Lehen Mundu Gerra pìztu zuena. Honek ez du ezertan azaltzen zein den taldearen musika, baina hauek direnez bazter guztietan lore gehien jasotzen ari diren 40 minutuak, ez dago gaizki eskoziar taldeari buruz zerbait gehiago jakitea. Iraupen hori nahikoa dute egundoko melodia eta gitarra zatiak sortzen dakitela argi asko uzteko, nahiz eta eraginak (Talking Heads, Paul Weller, The Strokes...) batzuetan oso azalean dituzten. Hype eztandaren ondoren kea desagertzen den neurrian gero eta argiago ikusiko da azpian zerbait geldituko dela, gaitasunak oso ondo erabiltzen eta gabeziak oso ondo ezkutatzen dakien talde bat.