hurrengoa
ganibeta suizarrek ez dute maitasun kar tarik irekitzen... xabier zabaleta   Suizar ganibeta batek esku artean daukazuna, maitasun eskutitz bat den jakiteko balio dizu. Etxera iritsi eta gau euritsu batean eskutitz bat jaso baduzu, ez ahaztu suizar ganibeta alboan. Laban batek ez baitu balio maitasun eskutitz bat irakurtzeko. Maitasun eskutitz batean, banku, ura edo telefonoen eskutitzetan ez bezala, ez baitago letra txikirik, ez duzu luparen beharrik. Eta maitasun eskutitz batek hitz jarioa dauka, inoiz ez duzu orri baten alde bakarra idatzia duen horrelako eskutitzik jasoko. Hitzak bor-borka ateratzen zaizkigulako, suizar ganibeta gehienek dakarten kortxo-kentzekoaren beharrik gabe. Eta arrazoi beragatik, hitzak bor-borka ateratzen direlako, paperetik zure bihotzera egiten dute jauzi latak zabaltzeko irekigailua erabili aurretik.

Suizar ganibeta batek ez baitu maitasun eskutitz bat idatzi (edo irakurtzeko) balio. Suizar ganibeta ejertzitoek erabiltzeko pentsatua baitzegoen jatorrian. Eta ejertzitoek eta maitasunak bikote traketsa egiten dute. Inoiz egon den traketsena (Michael Jackson eta Lisa Marie Presley alde batera utzita). Eta labanaz zer esan? Inork ezagutzen al du maitasun eskutitza jaso, eta hala ere, zainak moztu eta bere buruaz beste egiteko gogorik izan duen inor? Labana gorde eta ganibeta leihotik behera botatzea da maitasun eskutitzak jasotzen dituen norbaitek egin dezakeen gauzarik bidezkoena. Badaezpada, askotan, maitasun eskutitzen ostean, maitasuna amaitu dela iragartzen duten eskutitzak jasotzen baititugu. Ez egun berean, ezta aste edo hilabete berean akaso. Zilegi da urteak iragatea, baina baliteke, gutxien espero duzuenean, zure postakutxak eskuz idatzitako perfumerik gabeko eskutitz bat gordetzea. Eta eskutitz hori zabaldu aurretik, suizar ganibeta bilatzen duzu, �jada ez zaitut maite� hitzen azpitik zer ezkutatzen den aurkitu nahi duzulako, eta horretarako, luparen laguntza ondo datorkizulako (bankuko eskutitzak �lagun agurgarria� deitzen zaituenean bezala).

Eta hitzak jada ez dira bor-borka ateratzen, orriari itsatsiak daude, sendo, ez dira paperetik askatzen ezta zure malkoen laguntzaz. Horregatik, hori guztiagatik, labana erabiltzeko tentazioa datorkizu burura. Eta hori da suizar ganibeten arriskua, ejertzitoek erabiltzeko sortuak direla. Eta ejertzitoek eta odolak bai, horiek bikote ederra egiten dute. Eta batzutan semeak izaten dituzte. Azkenaren izena: Petroleoa. Horregatik, eskutitz bat irakurtzean, �ganibetaren� beharrik ez duzula ikusterakoan, maitasun eskutitz baten aurrean zaudela jakingo duzu. Horrela bada, ez galdu denborarik, ganibeta zakarrontzira bota noizbait erabiltzeko beharra somatu aurretik.