• 1
  • 2
hurrengoa
behin txoriak izan ginen kristina goikoetxea   AEB-tako zine gutxi, garatzen ari diren herrien film asko, talentu gazte mordo bat, multimedia eta zinemaren arteko azken berrikuntzak eta zero glamour. Hauek dira batez ere Rotterdamgo Nazioarteko Zine Jaialdiaren osagaiak. Beno, eta urtero ohorezko gonbidatu bereziak: Aurten, beste batzuen artean Takeshi Kitano eta Catherine Breillat. Jaialdiarekin daukaten konexio berezia finkatu nahi izan dute aurten ere euren film berriekin. Baina izaten da sorpresarik. Aurten ijitoek egindako zinemari eskainitako Once we were birds saila izan da. Aurreko urteetan zine aborigen eta inuiten zineari eskaini programak antolatu izan zituzten; ijitoei tokatu zaie txanda aurten.

Egia da ijitoei buruzko filmak ez direla ezer berria. Izan ere ijitoen zinema film mutuen garaian hasi zen, Charlie Chaplin berak ijito jatorria baitzeukan. Baina egia da ere, ijitoren kultura, gehienetan, ez-ijitoren begietatik kontatu zaigula. Beti agertu dira modu erromantiko batean, guztiz estilizatuak edo eta guztiz demonizatuak. Izan ere, material exotiko gisa erabili dituzte orain dela gutxira arte. Gainera, paper estereotipiko hauek ez-ijito aktoreek egin dituzte gehienetan (gogoratu Johnny Depp �Chocolat� filmean). Laburtuta, zinema �guri buruz, baina gu gabe�. Horregatik nahi izan du Rotterdamek arlo hau ikertu eta Asia, Europa eta Amerika zeharkatu dute zeluloidezko materialaren bila. Emaitza: hogei eta hamar film luze eta azken 4 hamarkadetako laburmetraiak.

Ziurrenik lehendabiziko zuzendari ijitoa, Tony Gatlif, frantses-algeriarra, izan zen. Bere 1983ko �Les princes� filma askotan izendatu dute "ijito batek ijitoei buruzko lehendabiziko film gisa". Pelikula honetan, Gatlif-ek, ijitoek Parisko iparraldeko auzo batean pairatzen dituzten arazoak kontatzen dizkigu. Ostean, kritiko batzuk diote Gatlifek ikuspegi exotikoegia aukeratu zuela ondorengo �Latcho drom� filmarekin. Gatlifek ijito kulturaren bidaia jarraitzen du, Indiatik Europara heldu arte eta hitz bat erabili gabe. Musika eta dantzak dira bidai honetako narrazio ardatz bakarrak. Exotikoa izan daiteke, baina filmak magia duela ezin ukatu. Dena den eta dudarik gabe, ijitoak maisuki zeluloidera eraman zituen lehena Emir Kusturica izan zen. Bere filmetan, aktore ijitoek euren paperak euren hizkuntzan eta beraien musikaz egin izan dituzte beti. Ezagunena �Time of the Gypsies� izan daiteke. Film honetan kontatzen den istorioa egiazkoa da gainera: Jugoslabian gertatzen zen umeen trafikoa. Nahiz eta oso errealista izan, beste Kusturicaren filmetan bezala (�Underground�, �Black Cat White Cat�), bere poetika eta errealismo magikoa nabarmentzen dira.

Proiektu berriek ere izan dute tokirik. �La Mina� (2003) pelikulak adibidez, arreta asko bildu du. Bertan Hannah Collins zuzendariak Bartzelonako auzo periferiko batean bizi diren sei ijitoen eguneroko bizitza kontatzen du. Instalazio bat bailitzan bost pantailetan eta aldi beran ikusten da filma. Berehala, La Mina auzo berean 40 minutu bizi zarela sentitzen duzu. Eta jakina nazioarteko estreinuak ere izan dira. Tonino Zangardi, zuzendari ijitoak, ezin zuen beste eskenatoki hobeagorik imajinatu bere �Prendimi e portami via� pelikula estreinatzeko. Filmak egungo ijitoen bizitzaren errealitatearen isla zehatza da. Italian kokatzen da, baina edozein munduko hiri baten auzoan gerta zitekeen. Film honetan argi oihukatzen den bezala "kontua ez da zer egiten duten ijitoek, ijitoek nortzuk diren baizik".

DJANESA TU
(Fari Jasar)
Djanesa tu karing si I Romani phuv
Na nadjanav
I Romani phuv si odoring
Kote so djivdinema o Roma.

Djanesa tu karing si o Romano barvalipe
Na nadjav
O Romano barvalipa si odoring
Kaj so si i gilji thaj i khelin.

Djanesa tu karing si o Romano djivdipa
Na nadjanav
O Romano djivdipa si telal ko cherenja
Thaj pa_i jag.

Djanesa tu kana o Roma hohaven
Na nadjanav
O Roma hohaven kana pumare grastoren
Von bikinen.

Djanesa tu soske na djanes
Tu na djanes goleske
Soske tu naj san Rom.

BA AL DAKIZU?
Ba al dakizu non dagoen Ijitoen herria?
Ez, ez dakit
Ijitoen herria hor dago
Ijito jendea bizi den lekuan.

Ba al dakizu non dagoen Ijitoen aberastasuna?
Ez, ez dakit
Ijitoen aberastasuna hor dago
Abesti ta dantza dauden lekuan

Ba al dakizu non dagoen Ijitoen bizitza?
Ez, ez dakit
Ijitoen bizitza izarrenpean dago
Eta urbil sutondoan

Ba al dakizu noiz egiten du gezurra Ijitoen jendeak?
Ez, ez dakit
Ijitoen jendeak egiten du gezurra zaldien salmentan

Ba al dakizu zergatik ez dakizun?
Zuk ez dakizu, ijito ez zarelakoz.