• 1
  • 2
hurrengoa
dokoupil, kandela margoak txuma vazquez   Margolari txekiarra da Jiri Dokoupil. Kandelekin egiten ditu bere margolanak; kandelek botatzen duten kearekin zehatzago. 90. hamarkadan hasi zen teknika hau erabiltzen margolanak egiten eta urte guzti hauetan, inguratzen gaituen errealitate konkretutik interesatzen zitzaizkion irudiekin egin du lan. Kandela margoetan edo kandela irudietan, egunerokotasunari irudiak lapurtzen dizkio eta �ketzeladen� bidez, irudi hauek gordintasun osoz mihisera fotokopiatzen ditu. �Kandelen irudiak, zulo beltz txikiak sortzeko saiakera bat dira. Asmatutako gela bat, desmaterializatua, orokorki uler gaitza eta erakargarria�.
(Dokoupil)

Gai zehatz bat aukeratzen du. Gaia aukeratzeko irizpideak auskalo zeintzuk diren. Bankuen fusioak, trafiko kutsadura, emigrazioa, enkanteak, kirolak, kubismoa, itsasoa, zerraldo bat, senitartekoak, leopardoak edo egunerokotasunaren objektuak dira kandela margoen protagonistak. Objektu edo protagonista hauen irudiak aukeratzen ditu ondoren. Berak egindako argazkiak edo komunikabideren batean agertutakoak hartu eta proiektore bat erabiliaz mihisean proiektatzen ditu. Ondoren, kandelaren keak, diapositibak erakusten dion bidea jarraituko du mihisea ilunduz, Dokoupilen eskuaren gidaritzapean. Alkohola mihise gainean zabalduko du, erreko duenaren eta erreko ez duenaren arteko muga osatzeko. Xaboiaren aire metaketa txikitxoak, suarekin jolasean bilatzen duen materiaren irudikapenera eramango du apurka. Urte hauetan, jatorrizko teknikak eboluzio bat izango du tratatu beharreko gaiak eskatuta.
Bidean egindako aurkikuntza teknikoak ordea ez dute irudikatutakoaren interesa bereganatuko; alderantziz, irudiaren materialtasuna gordintasunez borobilduko dute gure mesedetan. Teknika honekin irudia berriro fotokopiatzen du mihisean. Sortzen den irudiak ordea, jatorrizkoa baino gehiago ematen digu. Irudiez elikatzen gaituzte baina zenbat irauten du irudi batek, gaur egungo etengabeko bonbardaketa honetan? Ahaztuta genuen irudi hori, berriro agertu arazten du Dokoupilek prozesuaren gordintasunetik. Argazkiak agertzen zuena orain bere krudeltasunean agertzen da. Zailagoa zaigu zinez, birsortutako irudi hauetatik begirada baztertzea. Badago gure begiak mihisearen norabidean mantentzeko gai den zerbait. Teknika berak ere bere presentzia galtzen du eta ez da bere arrastorik gelditzen.

�Dutxetako margolanetako gauzarik nabarmena, suarekin ura egitea da. Honetaz aparte margolan hauek biluzi politak dira�.
(Dokoupil)

Teknika berezi honekin suarekin ura margotzera ere iritsi da. Argazkien bidez grabitateak eta presioak moldatutako ura harrapatu du eta sua eskutan, alkohola eta xaboia erretzen du, "ketzeladaz" ura menperatuz. Elementuak menperatzen ditu mihisea ukitu gabe. Inozentziaz beteriko kobazuloetako tximaluze haiek bezala keaz apaintzen du gure kobazuloa. Inozentzia horrekin jolasten du Dokoupilek. Ikusten duguna baina gehiago ote dago fotokopia hauetan. Begiratu adibide gutxi hauek eta norberak ausnartu dezala.

Tabernetako komunetako zeruetan zerana,
santifikatua izan bedi bertan idatzi duzuna.
Keak idatzi duena, ez dezala estropajuak ezabatu, amen.

Izan ere Dokoupilen teknikaren jarraitzaile asko eta asko dago Euskal Herrian. Taberna zuloen komunetan, txiskeroa astintzen, sapaian, aitarenak idazten. Batzuk letra onarekin; gehienak behatzak erre baino lehen, arrastro bi egiteko apenas astirik ez dugu izaten. Ez dugu Dokoupilen teknika menperatzen. Ez ditugu irudi esanguratsuak agertu arazten. Baina tira, Jirik ez bezala, geure �ketzeladek� badute zerbait. Irakurtzekorik ez eta gora begiratu besterik ez dugu, norbaitek utzi digun mezua ikusteko. Ez dago guri zuzendua baina momentu horretan berdin zaigu; gure begirada, pixa, konpresa, zigarroz eta zikinkeriaz betetako lurretik aldentzen baitu eta hori asko da. Jarraitu lanean EH-ko artistak, herria zuekin. Hori bai, ea betiko gorak alde batera utzi eta leopardo politak ere ikusten hasten garen.