• 1
  • 2
hurrengoa
bernardo atxaga zazpi etxe frantzian aritz galarraga   I  oriol clavera “garai berri bat hasi da” kongo

Paisaia guztiak dira mentalak. Gertukoena ere ez da erabat solidoa, badu zerbait gaseosoa, metafisikoa, kimerikoa. Alegiazko geografien zale naizenez, kronikatik eta historiatik ateratzen saiatzen naiz. Eta Kongo metafora bat da, Obaba berri bat, nekazariz baino, militarrez, mertzenarioz betea. Dena den, gezurraren lengoaia erabiltzen den edozein lekuren baliokide izan liteke.

lengoaia
Eleberri hau ez da XIX. mendeko alegoria haiek bezalakoa, ez, adibidez, Voltaire, non pertsonaiak baikortasun ergela errepresentatzen duen. Ez da literatura morala ere, barrutik nobela errealista baita. Kasu honetan lengoaiak eramaten gaitu gaur egungo munduaren eremuetara. Liburuak satirarik badu lengoaiaren bitartez lortzen du, eta ez ideia batekin, ez ideia bat biltzen duen metafora batekin ere.

helburua

Helburua ezin da inoiz bereizi idaztearen ekintzatik. Bidea, nire iritziz, hauxe da: atmosfera moduko bat sortzen duzu buruan, bertan daude oroitzapenak, teoriak, ideiak, pertsonaiak, baina forma zehatzik gabeko ezer ez. Hori buruan duzula hasten zara idazten eta testuak berak errebelatzen dizu zer esan nahi zenuen. “Zerbaiti buruz idatziko dut” edo “hau kontatzeko beharra daukat”, planteamendu literario gisa ez didate funtzionatzen. Eleberria, bi pausu aurrera, bat atzera, halaxe idatzi dut.

chrysostome

Mututasuna, lakonismoa, adierazkortasun eza dira bere ezaugarri nagusiak, eta beren inguruan mugimendu itzela sortzen dute horrelako pertsonaiek, literarioki oso bizitza aberatsa eskaintzen dute.

biolentzia

Errukia, ontasuna, elkartasuna edota salaketa ardatz duten diskurtsoak ez dira dagoeneko entzuten. Poetikoki zentzua galdu dute. Krisi horretatik etorri zait “nabarmendu ordez, isildu egingo dut” ideia. Irakurleak bete beharreko isiltasunak daude. Egokia da esatea eguraldiaz hitz egiten duenaren antzera kontatzen ditudala liburuko biolentzia pasarteak. Eta abenturazko eleberriaren azpian maila ugari dago. Haustura bilatu dut: nola egin daiteke barre halako gauzez?

umorea

Roland Barthesi entzun nion behin, “umorea da poesiari geratzen zaion azken etxea”. Aita hil zitzaidanean poema bat idatzi nuen. Izan zitekeen elegiakoa, baina “Zebrak eta heriotza” izena eman nion. Bertan, hainbat zebra daude hasieran eta ibaia zeharkatu bitartean bertan geratzen dira batzuk. Kontu horiez hitz egiteko umorea da bide bakarrenetakoa, ez bada bakarra. Gaur egunean behintzat bai, bestelako hainbeste testuren ondoren.

aldaketa

Idazkera aldatu baino, Obaba aurreko gauza batzuk berreskuratu ditut, Obaba aurreko ahotsa. Poema hartakoa, adibidez: “Me moriré, dubidubí/ Me moriré, dubidubá/ Es posible, dubidubí/ Casi seguro, dubidubá/ Pero, ¿quién me matará?”. Edo “Etiopia” bildumako “Sitiado in the beautiful morning of Bilbao” hura, eskandalua izan zena.

garai berria

Euforiko nago, oso argi ikusten dut beste bide bat ireki dudala. Obaba hasi eta jarraitu eta jarraitu nuen bezala, garai berriaren hasiera da hau. “Nevadako egunak” lana argitaratuko dut tartean, baina jarraian etorriko da “Charlotte eta tximuak”, Chrysostomeren biloba protagonistatzat duen eleberria.

obaba

Mundu hori bukatu da, horri buruz esan beharreko guztia esan dut. Liburuak hor daude, baina Ruperrek dioen bezala, “beste bat izango zen hura”. Haurtzaroaren mundua infinitua da, literaturarako, ordea, itxi egin dut. Akaso, lehentxeago eman beharko nion bukaera, bost, hamar urte lehenago, eta liburu batzuk argitaratu gabe utzi.

lau hizkuntza

Estatuko lau hizkuntza ofizialetan argitaratu da, aldi berean, azken eleberria. Euskarazkoa pixka bat lehenago, alde sinbolikoa mantentzeko. Liburu oso gutxi daude lau hizkuntza horietan publikatzen direnak eta zentzu utopikoaren aldetik gauza ederra da. Baina prozesua latza izan da, azken hilabeteetako lana izugarria. Ez dut sekula berriz egingo.

nevada

Zoragarria izan da egonaldia. Bizitzan, tarteka, parentesiak egitea ez dator batere gaizki. Han Europa ia ez da existitzen, Sarkozy eta bere emaztea izan ezik (eta emaztea Sarkozy baino gehiago). Ez genuen beste egitekorik: idatzi, idatzi eta idatzi. Eta lan handia egin dudanaren sentsazioarekin itzuli naiz. Egia da aberriak deitu egiten zaituela, baina ez da beharrezkoa uneoro egitea.