• 1
  • 2
hurrengoa
hego korearear zinema berria koldo almandoz   Azken urteotan, pelikula Hego-Korear ugari ikusten dugu Zinemaldi ezberdinetako programazio eta palmaresetan. Ez da kasualitatea edo patuaren kapritxoa. Hego Koreak, irekiera politikoarekin batera arlo ezberdinetan egin du eztanda azken urteotan. Aurrekontu oso eskasekin, bortizki askeak diren lan zirraragarriak egiten dituzte bertako zinegileek. Apurka-apurka mendebaldeko herrialdeetako ekoizleek sekula bultzatuko ez lituzketen lanak iristen hasi zaizkigu Hego Koreatik. Tarteka, gure zine-begirada aburgesatuari muturrekoa ematera etortzen den zineaz gozatu ahal izatea eskertzekoa da.
Urtero, guretzat oraindik hain ezezaguna den herrialde hartako egile berrien pelikuletaz gozatzeko aukera izaten dugu. Istorio intimista, esperimental edo terrorezkoak nagusi izanik ere, guztietan giza harremanak, gizarte aldakorren bortxakeria eta sexua eta gorputza ulertzeko modu bereziak islatzen dira. Izen ugari aipatu dezakegu: Jang Sun woo (bertako zinemetan estreinatu zen masokismoa eta maitasunaren arteko harremanaz hausnartzen zuen bere ¨Lies¨ film gogor eta ederra), Hong Sang-sooren lan esperimentalak, Im Kwon-taek emankorraren dozenaka filmak eta batez ere sakonkiago aztertuko ditugun Kim Ki-duk eta Booin Joo-ho...

KIM KI-DUK: e-zinezko elkarrizketa

Internetez azken saiakera egin baina ezetz, Kim Ki-duk zuzendariak ez duela elkarrizketarik eskaintzen. Behin kazetari batek zera idatzi omen zuen: "Kim Ki-duk en zinea, ama baten maitasuna izan ez duen gizon baten zinea da". Eskutitz batean bere amak, irakurtzen eta idazten ez jakin arren ama on bat izan zela esan eta elkarrizketa gehiago ez zuela emango iragarri zuen.

Kim Ki-duk zuzendari intuitiboa da. Haurtzaroan eskolatik bota zuten, lantegi batean hasi zen lanean, gero ejertzitora joan zen soldadu. Inongo zine ikasketarik gabe filmografia pertsonal eta sendoa osatu du. Koreako gizartearen alderdi ilunenak azaleratu izan ditu, beti ere begirada berezia erabiliaz. Errealismo magikotik ihes egiten duten irudi-metafora bortitz bezain ederrak sortzen ditu. Korean bere filmek ez dute arrakasta komertzialik lortzen baina Europako zinemaldiek bere lana estreinatu ahal izateko labankadak ematen dizkiote elkarri. Donostiako 51.ean, eta ia inork espero ez zuenean, Zinemaldiko Perla, ikuslegoaren filmik kuttunenari saria jaso zuen bere Bom, yeoreum, gaeul, gyeowool, geurigo,bom (spring, summer,fall,winter...and spring) zoragarriak. Aurretik, Coast Guard, Bad Guy, Address Unknown, Paladaemun, Real Fiction edo ziurrenik bere lan ezagunena den The Isle bezalako pelikula interesgarriak egin ditu.

BOON JOONG-HO: zinezko elkarrizketa

Barking dogs never bite (2000) film ero eta surrealista izan zen bere lehendabiziko lana. Bere bigarren filmarekin zetorrela jakin bezain pronto Donostiako Zinemaldiko prentsa bulegoan eskatu genuen elkarrizketa. Hoteleko bulego prefabrikatu batetan da zita. Kuriositatez zenbat elkarrizketa eskatu ote zizkioten galdetu eta itzultzaileak gurea azkenekoa zela, laugarrena. Zinemaldia amaitu eta bere bigarren filmak, Memories of Murder, (2003) zuzendari onenari, zuzendari berriari eta FIPRESCI kritika sariak jaso zituen.

Zergatik aukeratu zenuen benetan gertatuko istorio hau Memories of Murder egiteko?
Nire bigarren filma poliziakoa izatea nahi nuen. Hala ere ez nuen ohiko polizien pelikularik egin nahi, akzioan, intrigan eta pertsekuzioetan soilik oinarriturikoa. Pertsonaiak landu nahi nituen. Istorio poliziakoaz gain, film humanista eta soziala ere egin nahi nuen.

Soluziorik izan ez zuen benetako ikerketa batean oinarritua egoteak ere originaltasuna gehitzen dio
Bai. Film anbiguo bat egiteko aukera ematen du horrek. Gidoia hiltzailearen inguruan soilik oinarritu beharrean, polizien jardunean ere jartzen du ikuspuntua. Eta polizi hauen bitartez ere duela 20 urteko Korea islatzea da filmaren asmoa.

Genero zehatzik ez dute islatzen zure bi filmek?
Nik pelikula humanista bat egin nahi nuen, Errealista. "Memories of murder" oinarritzen den benetako kasuak adibidez, pasarte beldurgarriak dituen moduan, beste batzuk nahiko barregarriak izan ziren. Errealitate oso baten isla eman nahi izan ezkero ezinezkoa da genero baten neurri finkoetara mugatzea. "Barking dogs never bite"- ekin ere gauza bera gertatzen da.

Pelikulan polizia torturatzaile batzuk azaltzen dira eta hasieran euren jarduerek harritu eta mintzen bagaituzte filmaren amaierarako ikusleak euren bortxakeria bere egin eta justifikatzen duela esango nuke...
Eta ez al da hori egunero gertatzen? Ez al ditugu ontzat ematen egunero telebistan ikusten ditugun hainbat astakeri? Ikusleak, bi detektibeen pertsonaiekin pairatzen duen ikuspuntu aldaketa hori ez da gauza arraro bat. Guztioi gertatzen zaigun zerbait da.

Zine hego korearraren leherketaren arrazoiak zeintzuk dira zure ustez?
70. hamarkadatik aurrera zuzendari eta ekoizle belaunaldi berri batek astindua eman zion zinema korearrari. Koreak, azken urteotan politikoki eta sozialki asko ireki ditu ateak. Kanpoko errealitateekin bat egiteak gure mundua berrasmatzeko aukera eman digu.

Koreako zine berriak Europan duen arrakasta bera al du Korean bertan...
Film batzuk bai. Baina akziozkoak, arte martzialak edo estatubatuarrei kopiatzen dizkiegunak. Izaera edo autore zineak, nolabait esateagatik ez da hain popularra. Hemen bezala ez? Europar zinean, zinemaldi hauetaz kanpo ere, nik dakidala ez du ikusle arrakasta gehiegirik... Ez al da horrela?