hurrengoa
7 moto 7.erako koldo almandoz   Road movie gehienetan, kotxea izaten da protagonista. Hala ere, bada kotxearen babesari uko egin eta eguraldiaren menpe jartzea nahiago duenik. Kotxearekin alderatuta, motorrak ez du babesik eskaintzen. Baina motoan ibili denak badaki azeledadoreari eragin eta hankatartean sentitzen diren motor kilimek edozein igurtzi baina hobeak direla. Motoak, maitale sutsuen moduan, asko eskatzen dio motor zaleari. Asfaltoaren kontra azala marruskatu eta erre duenak badaki hori ere. Aski. Azken lerroetan botatako motero topikoak amaitu dira. Harira. Motoak eta zinea.
Mobyllete: Gure lehendabiziko moto-amorantea. Emakume frantsesak zerbait berezia duen moduan, moto frantses honek ere aspaldian konkistatu gintuen. Amelie Poulain-en bihotza mobylletez ibiltzen da Parisko kaleetan. "Rosetta" filmaren soinu banda mobyllete doinuek osatzen dute. Rohmer-en udaretan beti dago aparkaturik mobyllete gorriren bat...

Tryumph: Ingalaterrako moto kuttunena film askotan azaldu bada ere, "The wild one" (1954) filmean ia-ia protagonista izatera iritsi zen. Marlon Brandoren pakete gurin-zalearen azpian herri oso bat beldurtzera iritsi zen bi gurpildun ingelesa. Larruzko txupa batean idatzitako Black Rebel Motorcycle Club hitzek betirako izango dute esanahi berezia.

BMW: "The Great Escape" (1963) filmean, Steve McQueen-ek, SS-ko ofizial alemaniar bati bere motorra lapurtu eta hesi bat saltatu zuen. Motorrak BMW zuen idatzita, baina berez kamuflaturiko Tryumph bat zen. Sakrilegio horrek ez zuen erantzunik izan, 1997. urtean, Ingalaterrako erreginaren zerbitzura dagoen "James Bond-ek Tomorrow never dies" filman BMW bat erabili zuen arte. Etxe alemaniarrari dirua kostatu zitzaion, baina ohorea apur bat garbitzea lortu zuen.

Vespa: Nani Moretti-k "Caro Diario"-n Erromako kaleak erakutsi zizkigun vespa erritmoan. Errepide eta paisai horietan, aurretik, Felliniren "La Dolcce Vita"-ko gautxoriak edota "Roman Holiday" –ko Gregory Peck eta Audrey Hepburn maitaleak ikusiak genituen vespa baten gainean. Atrezzista italiar orok behar du vespa bat garajean. Italia eta italiar zinea ez lirateke gaur egun direna vesparik gabe.

Harley Davidson: Peter Fonda eta Denis Hooper, Marlon Brando "basatiaren" seme hippiak bai liran AEB-tako errepideak gurutzatu zituzten euren Harley Davidson-ekin. "Easy Rider" izena eman zioten filmari. Droga, desertua eta tiroak. Belaunaldi eta motorrak ulertzeko modu bat. Orduz ezkeroztik film ugaritan azaldu da Milwakeko txerria, baina film horiek ez dira "Easy Rider".

Yamaha: Egungo film komertzialetan moto japoniarrak dira nagusi. James Bond-ek, BMW-rekin izandako affaire hura kenduta, beti egin du apustu Yamaha-ren alde. "Lara Croft"-ek ere teknologia japoniarra maite du. "XXX" filmeko Vin Diesel-en moduan. Hala ere, nire uste apalean, Yamaha-k, "Mad Max II" film basatian izan du bere unerik gogoangarriena.

Ural: Errusiako Harley-a. Ural-ak ekialdeko estepa guztiak gurutzatu ditu. 1979. urtean ingelesek egindako "Escape to Athena" gerra film entretenigarrian Ural motor bat azaltzen da. Kazakhastan-en ekoiztu zen "Dikil Vostok" filmean, Ural motoen gainean dabiltzan motor zale batzuk , Kurosawaren "7 samurai"ak bai liran, zirko batetako langileei laguntza eskainiko diete.