audio asier leoz
hurrengoa

SPIRITUALIZED

The complete works. Volume one

“Drogak hartzea musika egiteko / drogak hartzeko / musika egiteko”. Spacemen 3 taldearen aspaldiko izenburu hartatik argi zegoen arreta merezi duen pertsonaia zela Jason Pierce. Spiritualized, egun Pierce jauna buru duen taldeak, gutxiengoen mugak gainditu zituen orain sei urte “Ladies & Gentlemen, we’re floating on space” lan mamitsuaren bitartez. Orain kaleratu den “The Complete Works Vol.1” izeneko lan bikoitzak bere garaian bazter batean gelditutako emaitzak dakartza. Bertsioak eta B aldeak dira diskoa osatzen dutenak baina kontuz, kantu hauek ez lukete eta inon sobran egon beharko. Musika ulertzeko era tradizionalari alternatiba bat da, azken finean, dentsitate altuko bilduma honek proposatzen dizuna, eta merezi du bertako basartean lasai barneratzea. Irtenbidea beti dago uste baino gertuago.

hurrengoa

MACY GRAY

The trouble with being myself

Izenburuari erreparatuta, bera izateak dakarren buruhaustea lehendabiziko diskoak utzitako arrastoa izan daiteke. “On how life is” izeneko lanak (1999) agortu egin zituen gorespen eta alabantzak, aspaldi ez bait zen halako kalitatea zuen aurreneko diskorik atera Soul-aren eremuan. Hirugarren diskoa nolabaiteko askapena bezala uler daiteke. Dagoeneko ez dauka mundu guztia begira emango duen urrats bakoitza neurtzen eta epaiketak egiten, eta horrek mesede handia egin dio. Aipatutako soulmen handien eraginari Parliament, Sly & The Family Stone eta beste hainbat funk-zale bihurrik utzitakoa gehitu eta badaukazu Gray anderearen disko berriaren nondik norakoa finkatuta. Berri ona da lan honek tarteka lehendabizikoari begiratzen diola aurrez aurre (“She don’t write things about you”, “Things that make me change”). Berri hobea, artistak hype ajea gaindituta ematen duela. Etortzear dauden lanak, okerrik ez bada, egundokoak izan daitezke.

hurrengoa

RADIOHEAD

Hail to the thief

Eskuartean daukadana ez da Radiohead-en disko ofiziala, taldearen baimenik gabe zabaldu den lehen master bat baizik. Gerta daiteke taldeak diskoa ateratzen duenean aldaketaren bat egitea, bai abestiei dagokionez baita produkzioan ere. Baina hobe inongo aldaketarik egingo ez balute, “Hail to the thief” harritu edo gustatu baino, gainetik pasa zaidalako, hezurrak txiki-txiki eginda utzi dizkit. Ezin dut “Amnesiac”-en pentsatu, ezta “Kid A” elektronikoan ere, lan berri hau aurreko biak batera baino handiagoa delako. Mina ematen du, barrenak korapilatu eta askatu egiten ditu nahi adina, abestiaren beharren arabera. Hau guztia gutxi izango balitz, Thom Yorke jaunak orain arte bereak zituen muga espresiboak apurtu egin ditu abesterakoan. Honelako disko baten aurrean berdin emango luke bokalak bakarrik erabiliko banitu idazterakoan, edozein kasutan “Hail to the thief” diskoaren handitasunetik urrun geldituko nintzateke. Oso urrun.

hurrengoa

YO LA TENGO

Summer sun

Erraza da Yo La Tengo maitatzea. Baliteke “Painful” izeneko aspaldiko disko hura izatea arrazoia. Lan horrek bazuen azaltzerik ez dagoen zerbait bere sendotasun melodikoan. Edo baliteke Estatu Batuetako rock talderik gutxietsiena izanak (Urge Overkill kokatuko nituzke toki berean) haienganako sentimendu goxoak piztea. Edo, azken aukera, agian Yo La tengo ez zen aparteko taldea Bob Dylan-en “I’ll threw it all away” abestiari buelta erdia ematea erabaki zuten arte. Ondoren zerua zeukaten irabazia. Edozein kasutan, eskuartean daukadana berria denez begi berriekin begiratzen saiatu naiz eta ondorioz “Summer sun” Yo La Tengoren erdipurdiko lana dela esan beharra daukat: Horrek jakina, beste artista askok inoiz egingo duten diskorik onenaren maila berean jartzen du, ez pentsa beraz probetxu ederra ateratzeko moduko kanturik ez dagoenik. Hori bai, inspiratuta daudenean (“How to make a baby elephant float”, oraingoz urteko kantu izenburua) ez daukate parekorik.