hurrengoa
blogotheque concerts à emporter    Paris definitzeko modu asko dago: maitasunaren hiria, argiaren hiria, artearen meka, luxuaren boulevard-a,... guretzat, aspaldidanik, Paris, blogotheque-aren eskenatokia da. Urteak dira, tarteka, blogotheque izeneko eremua bisitatzen dugula, bertan eskaintzen zaizkigun kontzertu eta proposamen ederretaz gozatzeko. Horietako askotan, Paris eta Paris-ko inguruneak izaten dira protagonista.
2003. urtean sortu zen Blogotheque. Chryde eta Vincent Moon-ek euren musika zaletasuna eta proposamenak eskaintzeko sortu zuten blog berezia. Musikaz gozatzeko modu berrien bila Chryde eta Vincent kalera atera ziren kale musikariek eskaintzen zituzten emanaldiak bideoan grabatzera. Haserako ideia hari eutsi eta artista ezagunei kalean jo eta emanaldi horiek grabatzea erabaki zuten arte. Proposamenak ezezkoak besterik jasoko zituelaren ustearekin ekin zioten, baina euren harridurarako talde eta artistek begi onez hartu zuten bikote haren proiektua: "Concerts a emporter" (take-away edo eramateko prest kontzertuak) jaio zen une hartan.
Ez dugu hemen emanaldien eta parte hartu duten taldeen errepasoa egingo. Azkarrak bazarete, honez gero artikulu hau irakurtzeari utzi eta sarean zaudetelako Blogotheque-k eskaintzen dituen "concert a emporter" horietaz gozatzen. Denetarik dagoelako, Parisko plaza galduren batean, teilatuetan, parkeetan, igogailuan ( ez galdu Arcade Fire taldearen altxor hau), etxe abandonatuetan, sukaldeetan, barkuetan... eta guztiak, modu xume eta freskoan bideo kamara arruntekin grabatuta. Zuzeneko emanaldi hauek, denbora eta espazio jakin batean gertatutako une magikoak eskaintzen dizkigute. Musikarien izaera eta inprobisaziorako trebetasuna agerian uzten dizkiguten une errepika ezinetaz gozatzeko internetera jo behar duzue, hain zuzen ere, hainbaten ustetan, musikarekin amaitu behar duen deabruaren tresna zitalera.