hurrengoa
Komikia zabaltzen dabil gurean. txo!?   Abenduaren 13, 14 eta 15ean Getxoko 1. Komiki erakusketa gauzatuko da Getxoko Kultur Etxearen eskutik. Bazen ordua gurean halako ekimen bat egon zedin. Azken finean gero eta zabalduago dago komikia gure artean, edo, gauza bera ez bada ere, gero eta denda gehiago aurki ditzakegu Euskal Herrian. Denda guzti hauek, argitaletxe, kolektibo eta besterik Areetako Geltoki plazan paratuko den 2500 metro karratuko karpan egonen dira, 30 stand baino gehiagotan banaturik. Standetaz aparte, lau bat erakusketa, sei bat mahainguru, proiekzioak, ikastaroak eta hainbat gonbidatu egonen dira.
Gonbidatuen artean mundu zabaleko gutxi daude, gehienak Estatu Españoletik datoz eta horietariko askok amerikarrentzat lanean ibilitakoak ditugu. Euskal marrazkilari falta sumatzen da hor nonbait erakustazoka honetan, Luis Duran, Rober Garay eta Mauro Entrialgo gonbidatuen artean egon arren. Bada, komiki dendetatik at, Euskal Herrian komikia zabaltzeko bestelako biderik, egunkari eta aldizkarietako tiretan (eta hauek argitaratzen dituzten album urrietan, nahiz eta komiki dendatan gutxitan egon salgai), zein fanxinetan. Erran beharra dago Luterl taldekoak eta Kokoe kolektibokoak bertan egonen direla. Egile eta argitarapen hauek Durangoko Azokan ikustera ohituago gaude, baina Getxokoa bezalako azoketan nekez aurkituko ditugu. Hor nonbait desfase bat dago eta batzuk eta besteak, bi “mundu” hauek hurbiltzen saiatu beharko ginateke.
Hala ere “El Cómic en Euskadi: presente y futuro” izeneko mahaingurua jardunaldi hauen atal interesgarrienetariko bat izanen da. Bertan momentu honetan euskaraz argitaratzen duen bakanetarikoa edo bakarra den Jean Françoise Sauré, duela gutxi Bilbon sortutako Astiberri argitaletxea (zeinak oso gauza majoak argitaratu dituen orain arte), Santi Orue TMEOko ordezkaria eta Luis Duran marrazkilari oñatiarra egonen dira. Rober Garay moderatzaile arituko da eta, programan hala espresuki zehazten ez badute ere, dena gazteleraz izanen dela dirudi.

Beraz ez akitu indar guztiak Durangoko Azokan, hurrengo asteburuan Getxo izanen da bilgunea, eta bietara joan beharko dugu ikuspegi zabala izatearren.