audio asier leoz
hurrengoa

SIGUR ROS

( )

Radiohead taldekoen hitzetan 99ko “Agaetis Byrjun” azken urteotan eragin handiena egin dien diskoa izan zen. Euren ikerketa sonikoetan barneratzeko unean lagun izan omen zuten Sigur Ros-en aurreko lana, “Kid A” eta “Amnesiac” diskoetan batez ere. Islandiarren ekarpen berri honek antzeko parajeak bisitatzen ditu, beti ere kantuetan aktore nagusiei baino paisaien testurari arreta jarriaz. “Atmosferiko” hitza ezingo dute nola nahi gainetik kendu, baina melodiak eta giroak sortzeko gaitasunari eusten dioten bitartean ez dago arazorik, ez baitago Neu Are lokartuaren kutsurik izenburuko zaileko disko berri honetan. Eta izenburuei begiratuta, guztiak oso antzekoak dira, zenbakia baino ez baitute aldatzen. “Track 4” eta “Track 7” esate baterako aipagarrienen artean daude. Azken bitxikeria: Barneko zortzi orriak idatzi gabe daude, entzuleak bidaian bizitakoa konta dezan akaso?

hurrengoa

DEATH IN VEGAS

scorpio rising

Richard Fearless eta Tim Holmes ez dira konturatu hobe daudela bakarrik. Horregatik eta “The Contino Sessions” izeneko lan bikainari jarraipena eman nahian, behar baino gonbidatu gehiago sartu dituzte, electro munduko Santana baten tankeran. Aitortu beharra dago. Diskoak hasiera ikaragarria du: “Leather”, odola eginez lehen momentutik eta “Girls” jarraian, Woodbine taldeko Susan Dillaine-en ahotsaren menpean. Baina gero apurka indarra galduz doa. Mazzy Star-eko Hope Sandoval-en ukitu narkotikoa aipatzekoa da “Killing smile” eta “Help yourself” izenekotan, baina Liam Gallagher eta Paul Weller-en parte hartzea zailagoa da justifikatzen. Lehenengoak ahal duena egiten du Oasis-en neurrira moztutako traje batekin (“Scorpio Rising” bera) eta bigarrenak ez dirudi oso konbentzituta “So you say you lost your baby” bertsioan. Orokorrean “Scorpio Rising” ez da inolaz ere disko ahula, baina taldearen momenturik onenak urrun dauzka. Oraindik edo dagoeneko, hori da kontua.

hurrengoa

BECK

sea change

Ez da lehenengo aldia. Aurretik ere Beck-ek erakutsia zuen dantzarako lan konputerizatu baten ondoren (“Odelay”, 1996) doinu akustikoen baretasuna bilatzea duela gogoko (“Mutations”, 1998). Antzeko ariketa proposatzen digu bere zortzigarrena den honetan “Midnite vultures” erdipurdikoaren big beat soinuetatik berriro Nick Drake / Bob Dylan basamortuan barrena sartzerakoan. Ez dago urik, bai ordea malkoak (“Lost cause”, “Lonesome tears”) eta oraindik maite duenaren atsekabea kantu berrien gainean. Beck-ek kantugile bezala ematen duen mailarik gorena akustikoa dela esan ohi da eta baliteke hala izatea 94tik hona utzitako abesti zoragarri askok sei kordatako jantzia besterik ez dute eta (“Beercan”, “Asshole”, “Dead melodies”...). Berrienen artean “Guess I’m doing fine” eta “The modern age” adibidez eskubide osoz egon daitezke haiekin batera.

hurrengoa

SOLOMON BURKE

don’t give up on me

Kantu egilearen irudiaren aurrean noizean behin tamaina berekoa izaten da abeslariarena. Solomon Burke soul gizon beteranoak ez ditu bereak lan honetako 11 kantuak, baino ez dio inork jabetza ukatuko egindako lanaren ondoren. Elvis Costello, Van Morison, Tom Waits edo Brian Wilson konposatzaileak izanik espero zitekeen reberendoak irakurketa bikainak egingo zizkiela, baina azken emaitzak uste guztiak luze gainditu ditu. Soul musika bete-betean, aspaldiko eran eta denak batera jotzen, hori da “Don’t give up on me” bero honek emango dizuna. Burke borobila gustura sentitzen da, hori nabaria da. Igande goizetan meza ematen laguntzen dion berbera organo lanetan dauka bere esanetara eta baita The Blind Boys of Alabama-koen ahotsak ere. Dylan-ek utzitako “Stepchild” blueseroa, Brian Wilson-en “Soul searchin’” jostagarria... zaila da benetan abestiren bat nabarmentzea harribitxiak baino ez dituen disko apain honetan. Urteko soul diskoa? Zalantzarik ez.