hurrengoa
in the red records rock bitxia    Larry Hardy-k zuzentzen duen Los Angeles hiriko In The Red diskoetxeak pasadan hamarkadako rock and roll diskorik onenak plazaratu ditu. Horien artean, The Reigning Sound, The Black Lips, The Ponys edo The Dirtbombs taldeenak. Horri esker, zigilu independente ezezagun bezain baliotsua bilakatu da. Hasiera batean, garage eta punk estiloetan bustiriko banden grabazioak argitaratzeari ekin bazion ere, egun, bere esparrua asko zabaltzen ari da eta art-rock estiloko taldeetan arreta berezia jartzen ari da. Izan ere, garage edo punk estilokoa baino, "rock bitxiko" zigilua dela esan ohi du Larryk. Horren isla, bere katalogoko hamaika izen, hala nola, The Intellicenge, Country Teasers edo aurreko alean elkarrizketatu genuen Blank Dogs. Ez hori bakarrik, laster berrargitalpenak plazaratzeari ekingo dio binilo bikoitzean, besteak beste, The Urinals, The Homosexuals edo 100 Flowers taldeenak.

Hardy-k 1992an abiatu zuen In The Red helburu bakarrarekin: garai hartan erabat ezezaguna zen Detroiteko The Gories talde primitiboaren singlea kaleratzea. Geroztik, irizpide berdinari tinko eusten dio: interesgarriak suertatzen zaizkion rock and roll talde gordinen diskoak plazaratzea. Soinu garratzekiko zaletasuna gaztetatik datorkio. "Gaztea nintzenean eskolako lagun guztiak Kiss-ekin maiteminduta zeuden, eta niretzat erabat gorrotagarriak ziren. Nik, hasierako punk rock-ean sakondu nuen eta horretan xahutzen nituen sosak".

"Here be The Gories" (1991) The Gories-en single preziatu hori argitaratu baino lehen In The Red-ek beste bi single plazaratu zituen eta hobby gisa hasi zen egitasmoa hura, lanaldi osoko jarduna bilakatu zaio Hardy-ri. Diskoetxea asko hazi zen bat-batean. Sasoi hartan Memphiseko Gibson Brothers taldea Los Angelesen zegoen jotzen eta In The Red-eko buruak singlea plazaratu nahi zien. Taldea ziplo desegin eta taldekide ohiak berarekin jarri ziren harremanetan diskoak egiteko egitasmo berriekin, tartean, Blues Explosion, 68 Comeback eta Bassholes. Azken horien disko osoa argitaratu zuen, eta handik gutxira Cheater Slicks bere talde kutunenetako baten LPa atera zuen. Singleak grabatzetik LPak argitaratzera igaro zen.

Aurten, Hardy oso lanpetuta ibiliko da, aipaturiko berrargitalpenak ez ezik, zigiluan erabat finkaturik dauden makina bat talderen diskoak ere plazaratuko bait ditu: The Strange Boys, Kid Congo, Blank Dogs, The Intelligence, Reigning Sound, Thee Oh Sees, Haunted George, TV Ghost, Christmas Island, Vivian Girls, Barbaras eta Wounded Lion. Finean, soinu adierazgailuen orratzak gorrian jartzeko doinuak.