hurrengoa
KLF: kopyright liberation front    Bill Drummond eta Jimmy Cauty elkartu zirenerako, bakoitzak bere kasa hamaika musika eta arte proiektuetan ibilia zen. KLF izenpean bat egin zutenean ez zuten musika mundua aldatzeko asmorik. Beren asmoa musika mundua suntsitzea zen. 1989. urtean, “Doctorin’ the Tardis¨ izeneko single bat kaleratu zuten. Eta inork espero ez zuena lortu zuten. Musika zerrendetako lehen postura iristea. Kantua, Doctor Who telesaileko eta Glary Glitterren Rock and roll part two kantuen nahasketa eta kollage bat da. Cauty eta Drumond-ek komunikabide guztien laudorio eta atentzioa jasotzen ari zirenean, ¨The Manual: (How to Have a Number One the Easy Way)¨ testua argitaratu zuten, non argi eta garbi azaltzen zuten Gary Glitter birziklatuaz edonork lor zezakeela zerrendetako lehen postuetara iritsiko zen kantu bat egitea. Musika industria aho bete hortz geratu zen. Ondoren iritsiko zen arrakasta ¨The Queen and I¨, ABBA talde suediarraren ¨Dancing Queen¨ kantuaren zatiak hartzen zituen eta jakina, dantzalekuetan, jendeak ero moduan dantzatzen bazuen ere, suediarren abokatuek erokeria hura gelditzeko lanean jarri ziren. Drumond eta Cauty Suediara bidaia egin zuten ABBAko partaideekin elkartzeko asmoz, baina laukote eurobisiboak ez zuen bi ingeles xelebre horiekin ezer jakin nahi izan. Drumond eta Cautyk, aurretik dendetatik erretiratutako ¨The Queen and I¨ LP-ak Suediara eraman zituzten eta zeremonia batean erre eta Iparraldeko itsasora bota zituzten binilo errautsak.

1991. urtean “The White Room” izeneko diskoa argitaratu zuten. Asmoa, dance purua izango zen lehen diskoa egitea. Rock and rollaren inongo elementurik gabe eginiko diskoa. Pure Trance izena eman zioten adituek eta dantza pista eta zerrendak hautsi zituzten. Urtebete beranduago, zuzeneko batean, hildako ardi baten gorpua jaurti zuten eszenatokitik ikuslegoa zegoen tokira. Handik gutxira, Brit Awards sarietan, ikuslegoaren kontra fogeozko ametralladora rafaga batekin amaitu zuten zuzenekoa, aurretik inon iragarri gabe hura izango zela KLF-ren azken agerpena. Ikuslegoaren tiroketa polemikoa suertatu zen ezbairik gabe.

Segidan, bikoteak, beren katalogoa dendetatik erretiratu, masterrak eta abar suntsitu, eta Drumond eta Cautyk musika mundura itzultzeko kondizio bakarra jarri zuten: Israel eta Palestinako gatazka amaitzea. Ez zuten hitza bete ordea. Handik urte batzuetara, iragarpenik gabe beste behin, biak azaldu bai ziren 20 minutuko emanaldi batean... gurpildun aulki banatan. The KLF, berez Kopyright Liberation Front esan omen nahi du, baina bikoteak, ohi zuen bezala, ez zuen inoiz ez baieztatu ez ukatu.

K foundation

Baina bikotearen ekintzarik iraultzaile eta ausartena iristear zegoen. KLF proiektuarekin irabazitako dirutzarekin K foundation sortu zuten, artearen mundua hankaz gora jartzeko asmoz. Beren lehendabiziko ekintza, sari bat sortzea izan zen. Urteko artistarik txarrena sarituko zuena hain zuzen ere. Baina beren ekintzarik muturrenekoa 1994. urteko abuztuaren 23an egin zuten, Eskoziako Jura irlan. KLF musika proiektuarekin urteetan irabazitako dirua bildu eta erre egin zuten. Literalki. Milioi bat libera errauts bihurtu zuten di-da batean. Guztia, Watch the K foundation burn a Million Quid izeneko bideoan jaso zuten.

20 urte pasa dira Cauty eta Drumond-ek historiako barbakoarik garestiena piztu zutenetik. Eztabaida eta hausnarketa franko sortu zituzten beren ekintzek. Musika industrian zerrendetako lehen postura iristeko kantu bat fabrikatzea zein erraza zen frogatu zuten. Eskubideak eta copyright-aren nguruan ere hikamika ugari piztu zuten beren musika konposizio-kollagekin. Arte garaikidearen inguruan mugitzen den negozioari buelta eman eta dirutza hura erre zuten. Inori
azalpenik eman gabe...ohi zuten moduan.