koloreen kartzela
irudia
  • 1
  • 2
Pantonea. Kolorearen biblia. Existitzen al zen kolorerik pantonearen aurretik? Gure aiton-amonek baietz diote. Existitu zela, koloreak, kontzentrazio eremu batean, hizki eta zenbaki kodeetan sailkatuta eta lerrokatuta bizi izan ez ziren garai bat. Existitu zela garai bat non ostadarraren agerpenak mundua eten egiten zuen eta
koloreek beren izena natura, herrialde eta jainkoetatik hartzen zuten.

1692. urtean, A. Boogert izenaz sinatzen zuen holandar batek, akuarela margoak nahastearen arteari buruz liburu bat idatzi zuen. Eta ez idatzi soilik. Hain zuzen ere, margoa eta ura nahasketa ezberdinekin esperimentuak egin zituen. 800-tik gora adibide margotu eta sailkatu zituen txukun-txukun. Liburua kolore gida gisa dago idatzia, baina arazo txiki eta gaindiezina zuen. Eskuz eginiko kopia bakarra izanik, ez zuen inolako erabilgarritasunik kolore gida gisa.

Egun ezagutzen dugun lehendabiziko Pantone kolore gida 1963. urtean argitaratu zen. Baina A. Boogert holandarrak eginiko akuarela gidak argi erakusten du, egun koloreak ¨pribatizatzearen¨ sukarrak zenbat duen iruzurretik. Pantonea sortu baino 300 urte lehenago existitzen zelako kolore gida bat. Egun Aix -en-Provence hiriko Méjanes liburutegian gordea dagoena eta thebalde hemen bisitatu dezakezuena:

www.e-corpus.org/notices/102464/gallery/


cyanometer

Zeruko urdin ezberdinak neurtu eta izendatzeko, 1789. urtean, Horace-Benedict de Saussure fisikoak eta Alexander von Humboldt naturalistak Cyanometer izeneko tresna eder bezain sinplea hau asmatu zuten. Geneva, Chamonix eta Mont Blanc-eko zeruak oinarri hartuta, zuritik beltzera doazen 52 urdin ezberdin lortu zituzten Prusiako urdina deritzon tinta eta ura nahastuaz. 52 urdin horiek borobil batean bildu eta zeruaren urdintasun graduak neurtzeko gailua sortu zuten. Urdintasun eta gardentasun maila ezberdinak, atmosferan dagoen ur lurrinaren araberakoa zela deskubritu zuten eta ondorioz atmosferako ur lurrina neurtzeko tresna erabilgarria izan zen aurrerantzean. Humboldtek bidaietara beti eramaten zuen Cyanometer-ari esker Hegoamerikako zeruaren urdintasuna neurtu ahal izan zuen.