hurrengoa
tiken jah fakolyrekin entzun arantxa iturbe   Irratiak eta poesiak bat egiten duten gunea topatzea da kontua. Ez daude hain urruti, entzuten dakienarentzat. Poesia ez da esaldiak airean etetea, baina airean etendako esaldiak bihur litezke poesia. Halere, aizkorakadaz idatzitako lerro guziak poesia ez diren bezala, irrati-ordu guztiak ere ez dira poetiko. Eta lastima. Ze, izan zitezkeent. Poesiarik gabeko tarte bakoitza irrati-tonbola, irratisermoi, irrati-mitin, irrati-propaganda eta irrati epaitegi bihurtzen da. Eta irratia galtzen ateratzen da. Eta ez poesia bakarrik.

Estereoa da irratian poesia. Hitz idatziak hunki dezakeen bihotza, astinduko du xuxurlatuak. Hitz idatziak eragin dezakeen lurrikara, tsunamitzen du esanak. Estereoa, bikoitza, alegia,
eraginkortasunean.

Irratiaren poesia, ordea, ez da estereoa. Koadrofonikoa da. Hitzei hitzik gabekoa eransten zaiolako. Eta erritmoa. Eta isiltasuna. Irribarreak ez du errerik behar irratiz. Negar malkoek busti egiten dute irratiz. Arnas hotsek aztoratu. Oihuek mindu. Isiltasunek esan. Hitzik ezean ere. Ahotsez idazten da irratia. Eta hotsez. Eta soinuz. Eta doinuz. Eta ahotsen eta hotsen arteko jolasez, eta hotsak eta soinuak txandakatuz, eta soinuak eta doinuak dantzatuz. Erritmo desberdinetan. Oraintxe azkartuz, oraintxe patxada hartuz. Oraintxe errepikatuz. Oraintxe isilduz.

Hauxe gertatzen da irratiak eta poesiak bat egiten duten guneen bila, debilidade desorekatuak dituena jarri ezkero. Irrati-zale amorratu eta -lari apasionatu, idatzi ditzaket airean ehundaka lerro irratiak duen poesiaz, biek bat egitean sortzen den majiaz, baina sakon sakonean, badakit irratia Letraz letra begietara beharrean, nahi adina pista erabilita belarrietatik burmuinera, eta bizkarhezurretik barrena gorputz osora zabaltzeko gai den poesia mota bakarra. Bihotza berotu eta neuronak astintzeko gaitasun neurrigabea duen komunikabidea. Entzuten dakienarentzat.